Klima aldaketak itsas harrapakari handietan eta ekosistemetan duen eragina aztergai Donostian

Actualizado: lunes, 14 septiembre 2015 12:56

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

   Klima aldaketak eta arrantzak itsas harrapakari handien populazioari eta itsas ekosistemei nola eragingo dioten aztertuko da III. Cliotop biltzarrak, astelehenetik ostiralera, irailaren 14tik 18ra, Donostiako Miramar jauregian. Nazioarteko 120 bat adituk beren ezagutza partekatuko dute AZTI zentro teknologikoak "Itsas animalien etorkizuna, ozeano aldakor batean" izenburupean antolatu dituen jardunaldietan.

   Mundu osoko zientzialariak egongo dira Cliotop biltzarrean, eta, antolakuntzatik nabarmendu dutenez, "aukera ezin hobea da arrantzak eta klima aldaketak harrapakari espezie nagusietan eta sistema pelagikoetan izango duten eragina mundu mailan konparatzeko eta aztertzeko". Adituek ingurumenaren ikuspuntutik ebaluatuko dituzte inpaktu horiek, eta haien ondorio sozial eta ekonomikoak aztertuko dituzte.

   Halaber, biltzarra baliagarria izango da itsas ekosistemen arriskuak neurtzeko tresna egokienak identifikatzeko. Azterketa metodologia onenak izatea funtsezkoa da itsas baliabideen kontserbazioa hobetzeko eta arrantza eta lurralde antolamendua modu jasangarrian kudeatzeko, besteak beste.

   Klima aldaketaren beste ondorioetako bat itsas espezieen lurralde banaketan gertatzen diren aldaketak izango dira. Elikagaien segurtasunaren eta espezieen kontserbazioaren arloko aldaketa horien ondorioak aztertuko dituzte adituek. Itsas ingurunea kudeatzeko sistemetan klima aldagaia kontuan hartzearen garrantzia nabarmenduko du Cliotopek. "Klimaren eboluzioaren berri izatea erabakigarria da klima aldaketak ozeanoetan eta ozeanoetako espezieetan dituen efektuei aurre egiteko egokitzapen estrategia egokienak zehaztu daitezen", azaldu dute.

   Gainera, itsas harrapakari handiek tarte handia izango dute biltzarrean. "Zenbait espezie, hala nola marrazoak eta atunak, oso garrantzitsuak dira itsas ekosistemetarako. Izan ere, kate trofikoaren gunerik altuenean daude, eta, nolabait, kontrolatu egiten dute katea", azaldu du Haritz Arrizabalaga AZTIko biologo eta baliabide tunidoetan adituak.

   "Arrantza espezie horien kontserbazioa funtsezkoa da, berebiziko garrantzi sozioekonomikoa baitute garatzeko bidean diren herrialde askorentzat -kostatik hurbil arrantzatzen dute-, bai eta herrialde garatuentzat ere -haien flotek mundu guztian arrantzatzen dute-", adierazi du.

ARRANTRZA SEKTOREA

   Halaber, klima aldaketak alderdi batetik baino gehiagotatik eragin diezaioke arrantza sektoreari. "Gerta daiteke ohiko espezieak kostetatik urruntzea, eta espezie berriak agertzea; horrenbestez, arrantzak eta merkatuek aldaketa horietara egokitu beharko dute", dio Haritz Arrizabalagak.

   Horrez gain, urrutiko uretan jarduten duten flotek beste eremu batzuetan arrantzatzera moldatu beharko dute. Horretarako, arrantza hitzarmen berriak egin beharko dira beste herrialde batzuekin. "Ezinbestekoa da aldez aurretik jakitea itsas ekosistemek nolako portaera izango duten, horrela bakarrik garatu ahal izango baititugu epe labur, ertain eta luzerako baliabide kudeaketako estrategia jasangarriak", laburbildu du AZTIko ikertzaileak.

   Cliotop biltzarraren antolatzaileek kalkulatu dute sinposioak 146.382 euroko inpaktu ekonomikoa izango duela Donostian; horrek 66.113 euroko balio erantsia sortzen du, eta urtean 1,47 lanpostu mantentzen laguntzen du. Ostalaritza, I+Ga, kultura-zerbitzuak, txikizkako merkataritza eta garraioa dira onura gehien jasotzen duten sektoreak.