"Koke Martinez and the Basque children of '37" erakusketa inauguratuko da ostegunean Bizkaia Aretoan, Bilbon

Actualizado: miércoles, 6 marzo 2013 12:24

BILBO, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -

Jose Maria 'Koke' Martinezek Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU) dohaintzan utzi dizkion 200 artelanen aukeraketa jasotzen duen "Koke Martinez and the Basque children of '37" erakusketa inauguratuko dute ostegun honetan, martxoaren 7an, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaia Aretoan, Bilbon.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, erakusketak biltzen dituen artelanen artean mihiseak, marrazkiak eta posterrak daude. 'Koke' Martinez Espainiako Guda Zibilean Euskal Herritik Britainia Handira bidaliak izan ziren haurretako bat izan zen, eta gaiaren inguruko hiru dokumental ere emango dira erakusketan, duela 76 urte haur haiek bizi izan zuten esperientzia gogorra gogoratzeko.

Erakusketaren inaugurazioa 19:00etan egingo da, eta han izango dira Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua, Derek Doyle Britainia Handiko kontsula Bilbon eta Jon Ruigomez Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zuzendaria.

Ekitaldi honetan, 'Koke' Martinezen testamentuaren betearazlea izan den The Basque Children of '37 Association elkarteko hainbat ordezkari ere izango dira, tartean Herminio Martinez bere lagun min eta gerrako haurra ere.

Halaber, goizeko 11:00etan, erakusketaren nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoa izango da Bizkaia Aretoan bertan, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Josu Rekalde EHUko Arte Ederren Fakultateko dekano eta erakusketako komisarioa, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Carmen Kilner The Basque Children of '37 Association elkarteko diruzaina eta Carmelo Garitaonandia EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordearen partaidetzarekin.