Kolonbia eta Filipinetako negozio aukerei buruzko jardunaldi bana antolatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: viernes, 8 marzo 2013 15:40

BILBO, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Kolonbia eta Filipinetako negozio aukerei buruzko jardunaldi bana antolatu ditu martxoaren 12an eta 13an, hurrenez hurren. Jardunaldien helburua da euskal ETEentzako negozio aukerak atzematea hazten ari diren bi ekonomia horietan. Euskal enpresarien eta herrialde horietako ordezkarien arteko bi topaketak SPRIren Bilboko egoitzan izango dira.

Jaurlaritzako iturriek jakinarazi duenez, martxoaren 12ko jardunaldia Kolonbiar Errepublikako Petrolio eta Gaserako Fluidoak Manipulatzeko Ekipoen sektoreko negozio aukerei buruzkoa izango da. Kolonbia da Latinoamerika osoan hazkunde aukera gehien dituen eta gorantz doan ekonomietako bat.

SPRIk Fluidex izan du bidelagun topaketa hau antolatzeko lanetan. Fluidex fluidoak manipulatzeko ekipoen esportatzaileen Espainiako elkartea da eta sektoreko enpresen nazioarteko sustapenaz arduratzen da.

Topaketan Ecopetrol Kolonbiako petrolio enpresa handieneko ordezkariak ere egongo dira. Ecopetrol munduko 40 petrolio konpainia handienetako bat eta Latinoamerikako lau handienetako bat da. Ecopetrolek Kolonbian ekoizten den petrolio gordinaren %60 ekoizten du, eta bereak ditu Kolonbiako bi petrolio birfindegi handienak eta Kolonbiako oliobide eta polidukto sarearen zati gehiena. Bestalde, esplorazio eta produkzio lanak egiten ditu Brasilen, Perun eta Mexikoko Golkoan.

Ecopetrolek, bere burua eta bere marko estrategikoa aurkezteaz gain, 2013rako dituen inbertsio, erosketa eta hornitzaileen kontratazio planak azalduko ditu. Bertaratzen diren enpresek aukera izango dute banakakako bilerak egiteko Ecopetroleko zuzendaritza-karguekin, bisita agenda bateratu bat prestatzeko eta beren burua hornitzaile gisa eskaintzeko.

FILIPINAK

Bigarren jardunaldia, martxoaren 13koa, Filipinek eskaintzen dituzten negozio aukerei buruzkoa izango da, bereziki ingurumen sektorean. Hala, egoitza Manilan duen Asiako Garapen Bankuko ordezkariek parte hartuko dute ekitaldian. Asiako Garapen Bankua Asiako garapen arloko finantza eragile garrantzitsuenetako bat da.

Filipinetako Errepublikak duela gutxi industrializatutako ekonomia bat du eta une honetan hazten ari den merkatuetako bat da. Munduko 50 ekonomia handienen multzoan sartu da eta inbertsio bankuek eginiko azterketa ekonomikoen arabera, garapen gaitasun handiena duten 11 ekonomien artean dago.

Filipinetatik etorri diren enpresa eta erakundeetako ordezkariez gain, jardunaldian izango dira AVIC Euskal Ingeniaritza eta Aholkularitza Klusterreko ordezkariak eta euskal enpresei Filipinetan kokatzen lagundu dien aholkularitza enpresa bat.

Eusko Jaurlaritzak SPRIren bidez antolatzen ditu euskal ETEei herrialde eta sektore zehatzetan negozio aukerak eskaintzeko jardunaldiak; 2012an, guztira, 1.450 enpresarik parte hartu zuten era honetako ekitaldietan.