Konfiantza eta elkarrekikotasun mailak "askoz handiagoak" dira Euskadin Katalunian baino

Senyera eta ikurriña
Foto: EHU
Actualizado: martes, 16 diciembre 2014 14:21
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko eta Kataluniako konfiantza eta lankidetza sozialeko mailak erkatu dituen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerketa baten ondorioetako baten arabera, konfiantza eta elkarrekikotasun mailak "askoz handiagoak" dira Euskadin Katalunian baino, zehazki, %8 eta %10 handiagoak, hurrenez hurren.

   'Political Studies' aldizkarian argitaratu den eta Luis Miller eta Paloma Úbeda EHUko irakasle eta ikertzaileen, Henar Criado Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslearen eta Francisco Herreros CSICeko ikertzailearen partaidetza daukan lanak aztertu du zein neurritan utzi duten mesfidantza ondarea Euskadiko eta Kataluniako gatazka politikoek herritarren arteko harremanetan. Azterlanaren emaitzek egiaztatu dute konfiantza eta lankidetza sozialeko mailak handiagoak direla Euskadin.

   Euskadi eta Katalunia "gizarte pluralak" direla eta bertan askotako identitateak dituzten herritarrak elkarrekin bizi direla azaldu du Luis Miller EHUko Ekonomia Analisiaren Oinarriak Saileko irakaslea eta "Ethnicity and Trust: A Multifactorial Experimentmore" (Etnizitatea eta konfiantza: faktore askotako esperimentua) lanaren egileetako batek.

   "Euskaldunak edo katalanak bakarrik sentitzen direnak, espainiarrak sentitzen direnak, egunero euskaraz edo katalanez hitz egiten dutenak edo eguneroko hizkuntza gisa gaztelania erabiltzen dutenak. Guk jakin nahi genuen zein diren hainbat jatorri eta identitatetako EAEko eta Kataluniako herritarren arteko konfiantza eta elkarrekikotasun dinamikak, eta, horretarako, esperimentu soziala gauzatu genuen", azaldu du.

   Esperimentu horretan 1.522 parte hartzaile egon ziren: 778 Euskadin eta 744 Katalunian. Esperimentuak "konfiantzazko jokoa" zekarren, bikoteka egin beharrekoa (A eta B jokalariak). Bi jokalariek hasieran 50 euro zituzten esleituta. A jokalariak erabaki behar zuen 50 euro horietatik zenbat bidaltzen zion B jokalariari, eta bidalitako edozein diru kopuru bikoiztu egiten zen. Amaitzeko, B jokalariak erabaki behar zuen zenbat diru bidaltzen zion A jokalariari.

   Modu honetan, A-k B-ri 20 euro bidaltzen bazizkion, horrek 40 jasotzen zituen, eta ondoren B-k erabaki behar zuen zenbat diru bidaltzen zion A-ri hasierako 50 euroetatik. Horrela, A-k B-ri bidaltzen zion dirua B-rengan zeukan konfiantza maila neurtzen zuen; B-k bidaltzen zuenak, aldiz, B-k A-rekin zeukan elkarrekikotasun maila neurtzen zuen.

   Azterlanean parte hartzaileak parekatzen ziren, beren jaioterria eta ohiko hizkuntza kontuan hartuta. Alde batetik, EAEko jatorria zeukaten pertsonak (beren aitona-amonak Euskadin jaio ziren) Espainiako jatorria zeukatenekin parekatzen ziren; beste aldetik, euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak gaztelaniaz hitz egiten zutenekin parekatzen ziren.

   Horrela, ikertzaileek aztertu ahal izan zuten baztertzeko ereduren bat zegoen jatorri ezberdina zeukaten edo egunero hizkuntza ezberdinez hitz egiten zuten parte hartzaileen artean.

HIRU ONDORIO

   Millerrek azaldu duenez, ikerketak hiru ondorio ekarri ditu. Alde batetik, Euskadin gertatzen dena bakarrik kontuan hartzen bada, "jendeak jatorriagatik edo hizkuntzagatik inor baztertzen ez duela ikusten da".

   Katalunian, aldiz, jendeak ez du inor baztertzen jatorriagatik, baina bai hizkuntzagatik, hau da, katalanez hitz egiten duten parte hartzaileek elkarrekikotasun handiagoa daukate katalanez hitz egiten dutenekin, gaztelaniaz hitz egiten dutenekin daukaten portaerarekin erkatuta.

   Hirugarren ondorioa Euskadin dauden konfiantza eta elkarrekikotasun mailak eta Katalunian dauden konfiantza eta elkarrekikotasun mailak erkatzean sortzen da. Azterlanaren emaitzek adierazi dute konfiantza eta elkarrekikotasun mailak "askoz handiagoak" direla Euskadin Katalunian baino, %8 eta %,10 handiagoak, hurrenez hurren.

   Beraz, EHUko ikertzailearen arabera, azterlanaren emaitzek adierazi dute konfiantza eta lankidetza sozialeko mailak Euskadin "inguruko gizarteetan daudenak baino handiagoak" direla. Millerren ustez, horrek eta jatorri ezberdinetakoak diren edo hizkuntza ezberdinez hitz egiten dutenen artean baztertzeko eredurik ez egoteak "emaitza itxaropentsua dakarte Euskadiko bizikidetza sozialerako".