BILBO 30 Jul. (EUROPA PRESS) -
Hezur-galera handietan, konposatu biodegradagarri batek haiek birsortzen laguntzen du, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) aurkeztutako tesi baten arabera. Garatutako euskarriaren gainean egindako 'in vivo' delako entseguek erakusten dutenez, hiru asteren buruan hasia da hezur berria hazten.
Hezurrak beren kabuz birsortzeko gai dira, kalte txikiren bat jasanez gero. Hala ere, gauzak oso desberdinak izaten dira lesioa traumatikoa edo tumore batek eragina bada, eta ehunaren galera, handia. Gaur egun kasu horiek ehuna txertatuta tratatzen dira, zenbait teknikaren bitartez, baina hainbat desabantaila dituzte, hala nola gorputzak hura errefusatzeko arriskua, kutsadura edo emaileei mugak ezarri beharra.
Horrek baldintzatu egin du hezurretako ehun-ingeniaritzaren gaur egungo joera: orain, hezurra behin-behinean ordezkatu eta haren birsortzea suspertu dezaketen materialak garatu nahi dira. Material hori, behin-behinekoa izaki, desagertuz joango litzateke hezurrak bere berezko tokia hartu ahala.
Beatriz Olalde Tecnaliako Osasun Unitateko ikertzaileak konposatu horietako bat osatzen dihardu. Orain arteko emaitzekin doktore-tesia aurkeztu du EHUn, "Desarrollo de un nuevo soporte poroso nanocompuesto biodegradable para la regeneración tisular ósea" (Euskarri porotsu nanokonposatu biodegradagarri berri baten garapena, hezur-ehuna birsortzeko) izenburupean.
EHUko iturrien arabera, "erabat berritzailea" da Olaldek garatu duen eta tesian aurkeztu duen euskarri porotsua. Euskarri porotsu biodegradagarri bat ekoiztea zen helburua. Euskarri horrek, kaltetutako hezurra behin-behingoz ordezkatu bitartean, haren birsortzea suspertzeko gai izan behar zuen. Asmo hori buruan, kimikoki nahiz elektrikoki inguruan dituen hezur-zelulekin eta hezur-ehunarekin elkar eragiteko gai den konposatua garatu du, hala hezurra bere onera etortzeko prozesua bizkortze aldera.
AZIDO POLILAKTIKOA
Tesian aurkezten den euskarri porotsuaren konposizioak polimero biodegradagarri bat du oinarri: azido polilaktikoa. Medikuntzan sarri erabiltzen den materiala horren izaera biodegradagarria dela eta, desagertu egiten da hezurra hazi ahala. Horri, hidroxiapatita (biozeramika bat) erantsi dio ikertzaileak. Polimeroek zailtasunak izan ohi dituzte zelulak erakartzeko; hidroxiapatitak kaltzioa dakar, eta euskarria inguruan dituen hezur-zelulekin integratzeko balio du.
Azkenik, konposatuak karbonozko nano-hodiak ere baditu. Polimeroen propietate mekanikoak hobetu egiten dituzte horiek, alde horretatik nahiko mugatuak baitira eta bestela hautsi egin baitaitezke, hezur-zelula eta hezur-ehunen erresistentziaren aurrean. Bestalde, karbonozko nano-hodiek ematen diote izaera elektrikoa euskarri porotsuari, bai azido polilaktikoa eta bai hidroxiapatita material isolatzaileak baitira berez. Hala, eremu elektriko bat aplika daiteke, hezur-zelulak euskarri porotsura biderarazteko eta horrela birsortze prozesua bizkortzeko.
Olaldek tesian azaldu duenez, euskarri berrian egindako probak ('in vitro' eta 'in vivo' entseguak, besteak beste) arrakastatsuak izan dira. Aparrak propietate mekaniko bikainak ditu, erresistentzia egokia du hezurrarekiko eta ez da hausten ezarri eta gero. Gainera, 'in vivo' entseguetatik ateratako lehen emaitzek (euskarria ezarri eta hiru astera izan ziren) erakusten dutenez, hezurra hazten hasia da ordurako.
Era berean, 16 asteren ondoren, hezur berri horrek dituen propietateak (mekanikoak, histomorfometrikoak eta densitometrikoak) antzekoak dira, osorik edo osasuntsu dauden hezurrek dituztenekin alderatuta.
Beatriz Olalde Graells (Donostia, 1979) Kimika Zientzietan doktorea da. Maria Jesus Jurado Tecnaliako Osasun Unitateko ikertzailearen eta Isabel Goñi eta Marilo Gurruchaga EHUko Kimika Zientzien Fakultateko Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko irakasleen zuzendaritzapean idatzi du tesia.
Olaldek Tecnaliako Osasun Unitatean egin du lanaren zati handiena, baina elkarlanean aritu da Eskoziako Aberdeeneko Unibertsitatearekin eta Valentziako Biomekanika Institutuarekin (IBV). Gaur egun ikertzaile dihardu, Tecnaliako Osasun Unitateko Biomaterialen eta Nanoteknologien Sailean.