Kontakturik gabeko garraio txartela ezartzen lagunduko dio Bizkaiko Garraio Partzuergoak Burgoseko Udalari

BGPko eta Burgoseko Udaleko ordezkariak
BGP
Actualizado: lunes, 20 marzo 2017 17:54

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) eta Burgosko Udalaren Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuak hitzarmena sinatu dute astelehen honetan Bilbon, Gaztela eta Leongo hiriaren garraio publikoan kontakturik gabeko txartela ezartzen laguntzeko eta BGPren esperientzia helarazteko asmoz.

Hain zuzen, Manu Tejada Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari gerenteak eta Jorge Berzosa Burgoseko Udaleko Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuko zinegotziak sinatu dute bi aldeen arteko lankidetza hitzarmena.

Akordioaren bitartez, BGP lankidetzan arituko da Burgoseko Udalarekin, Bizkaiko ereduaren antzeko beste bat ezartzeko hainbat alderdiri dagokionez, hala nola eskema, ezaugarri, garapen, teknologia edota zehaztapenei dagokienez.

BGP-k jakinarazi duenez, ez da administrazio batek lankidetza eskatzen dion lehen aldia, 2015eko abenduan lankidetza akordioa izenpetu baitzuen Centro Tecnológico en Logística Integral de Cantabria delako fundazioarekin, kontakturik gabeko txartela garatu eta ezartze aldera Kantabriako garraio publikoan.