Kontrako noranzkoan eta baimendutako alkohol tasa laukoiztuz gidatzen ari zen gizon bat atxilotu due Irunen

Publicado: viernes, 26 mayo 2017 13:07

DONOSTIA, 26 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitateko agenteek 25 urteko gizonezko bat atxilotu dute ostiral honetan Irunen, bide segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita. Atxilotu dutenean kontrako noranzkoan gidatzen ari zen, eta alkohola detektatzeko probetan positibo eman du, hain zuzen, aire litroko 1,04 miligramo alkohol, baimendutakoa baino lau aldiz gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ostiral honetan, goizaldeko 03:40an, Irun aldean trafikoaren segurtasuna zaintzeko lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila batek auto bat ikusi du N-121A errepidean kontrako noranzkoan sartzen.

Ertzainak atzetik segika hasi zaizkio eta hainbat metro aurrerago gidariak autoa gelditzea lortu dute eta errepidetik atera ahal izan dute. Identifikatzen ari zirela, gidariak alkohol usain nabarmena zuela jabetu dira, eta alkohola detektatzeko proban aire litroko 1,04 miligramo alkohol eman du, ibilgailu bat gidatu ahal izateko legeak baimendutako gehienezko tasa baino lau aldiz gehiago. Hori guztia dela eta, agenteek 25 urteko gizonezkoa atxilotu dute, bide segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita.