Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko ibilbide-orria aurkeztu du

Sindikatuek, enpresariek, kontsumitzaileek eta administrazioek euren ekarpenak egin dituzte

Konferentzian parte hartu duten ordezkarietako batzuk
KONTSEILUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 13 junio 2013 16:44

DONOSTIA, 13 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Lan Mundua Euskalduntzeko Konferentzia egin du ostegun honetan Arrasaten (Gipuzkoa), Garaia Berrikuntza Zentroan, eta sektorea euskalduntzeko ibilbide-orria aurkeztu du bertan.

Duela urte eta erdi lan munduko aholkularitzen sektorea osatzen duten bazkideekin lan munduaren euskalduntzeari buruzko diagnosia eta etorkizuneko erronkak definitu zituen Kontseiluak, baina "oso argi" zuen lan munduaren euskalduntzean "beste aktore batzuen esku-hartzea beharrezkoa" zela, eta, hori dela eta, azken urtean aktore eta eragile horiei guztiei bere irakurketa helarazi die Kontseiluak "ekarpenak egin ditzaten", Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azaldu duenez.

Horrela, aktore horien guztien iritziak Konferentzian izan dira gaur, hala nola sindikatu, enpresari, kontsumitzaile eta administrazioenak. "Lan munduaren euskalduntzean zeresana duten guztiak foro honetara ekarri nahi izan ditugu eta, parte-hartzea kontuan hartuta, arrakastatsua izan dela ondoriozta dezakegu", adierazi du Bilbaok.

Horrela, parte-hartzea "oso zabala" izan da, alde batetik eragile garrantzitsuen ekarpenak jaso direlako, hala nola Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundienak, Jaurlaritzarenak, CC.OO., ELA eta LAB sindikatuenak, EKA kontsumitzaile elkartearenak edota hainbat enpresarenak (EIKA, MAPSA, CEGASA, IMH, GSR, ELAY, ORKLI, CIKAUTXO, MCC etab.); eta bestetik, hainbat enpresatako ordezkariak Konferentziara bertaratu direlako (Ulma, Metro Bilbao, Kutxa Fundazioa, Erkide, Fagor, Electra Vitoria, Eusko Tren, Goizper, CAF, Izfe etab.).

Horrekin batera, Kataluniako Generalitateko Joan Ramon Solé i Duranyren eskutik kanpoko esperientzia bat partekatzeko aukera ere izan da Arrasaten. "Oso interesgarria dira Generalitatek eremu soziekonomikoan katalanaren erabilera sustatzeko baliatu dituen estrategiak, bai eta estrategia horien bidez lortutako emaitzak ere. Hemengo administrazioek badute zer ikasi", gaineratu du Kontseiluko ordezkariak.

Gainera, Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko prestatu duen ekarpena aurkezteko baliatu nahi izan du Konferentzia. "Aurrera begira enpresek, administrazioek, kontsumitzaileek eta sindikatuek jarraitu beharreko gida-lerroak jasotzen ditu gure ekarpenak. Gida-lerro hauek jarraituz, guztion artean, lan mundua euskaldunduko dugu", iragarri du Bilbaok.

GIDA-LERROAK

Enpresei dagokienez, Kontseiluaren aburuz, beharrezkoa da enpresek euren hizkuntza-politika propioa lantzea eta adostea, eta horren baitan, langileei ordutegi eta egutegi aldetik erraztasunak eskaintzea euskaraz lan egiteko gaitasuna eskura dezaten.

Aldi berean, enpresei dagokie euren bezeroekin eta langileekin dituzten hartu-eman guztiak euskaraz garatu ahal izateko baldintzak bermatzea. Horretarako, helburu, neurri, epe eta bitarteko zehatzak dituzten prozesuak garatu beharko dituzte.

Langileei dagokienez, guztiek euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatu dezaten, ezinbestekoa da lehenik lankide guztien euskalduntzea. Bide horretan beharrezkoa da sindikatu edo langileen ordezkariek sektoreka edota enpresekin negoziatzen dituzten lan-hitzarmenetan lan-jarduera euskaraz garatzeko neuriiak jasotzea.

Bestalde, bezeroak kontsumitzeko moduak bizi kalitatea hobetzen eta mundu justuago bat bultzatzen lagun dezake. Horrela, beharrezkoa da, herritarrek kontsumo arduratsua garatzea eta hizkuntzekin ere gizarte-erantzukizunez jokatzen duten enpresak lehenestea. Kontsumo-ohiturez harago, kontsumitzaileek enpresei hauek eskaintzen dituzten produktu edo zerbitzuak euskaraz jaso nahi dituztela azaltzeko bideak jorratu behar dira.

Administrazioei dagokienez, haiei dagokie herritarren eskubideen bermatzailea izatea, bai eta bide horretan eredugarri izatea ere. Horrela, langileen euskaraz lan egiteko eskubidea, enpresen euskaraz saltzeko eskubidea eta kontsumitzaileen euskaraz erosteko eskubidea bermatzea izango dute zeregin nagusia. Horretarako, hizkuntza-politika berri eragingarria garatu behar dute.

Hizkuntza-politika honek bi jardunbide garatu behar ditu modu koordinatu eta eraginkorrean: diru-laguntza bidezko sustapen-bidea eta corpus juridikoa garatuz jorratu beharreko arau-bidea. Biak ala biak dira beharrezkoak eta eraginkortu beharrekoak gaur-gaurkoz.

Administrazioei eredugarri izatea ere dagokienez, bide horretan bere zeregin nagusia barne euskalduntze prozesua "albait arinen" burutzea eta kanpo kontratazioetarako hizkuntza-klausulak jartzea izango da.

Amaitzeko, Kontseiluko ordezkariak euskalgintzak lan munduaren euskalduntze prozesuan erantzukizunez jokatzeko konpromisoa hartuko duela adierazi du. "Eskua luzatzen diegu adierazpen honetan jaso diren korapilo nagusiei erantzuteko prestutasuna adierazten duten eragile guztiei. Euskalgintzaren aldetik behar duten lankidetza eta babesa izango dutela jakinarazi nahi diegu. Horrekin batera, lan munduaren euskalduntzean euskalgintzak berak eredugarri izateko eta horretarako neurriak hartzeko konpromisoa adierazi nahi dugu", gaineratu du.

Contenido patrocinado