Kontseiluak Osakidetza euskalduntzeko "neurri ausartak eta zehatzak hartzea" eskatu du

Kontseiluaren agerraldia Donostian
Foto: KONTSEILUA
Actualizado: martes, 11 febrero 2014 17:31

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

   Kontseiluaren baitan bildutako hainbat eragilek osaturiko osasungintzaren euskalduntzea lantzeko lantaldeak Osakidetza euskalduntzeko "neurri ausartak eta zehatzak hartzea" eskatu du gaur, otsailaren 12an, Donostian egindako agerraldian. Lantalde hau iaz eratu zen eta Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea, Euskal Herrian Euskaraz, Euskaltzaleen Topagunea, UEMA eta Behatokia erakundeek osatzen dute.

   Horrela, erakundeotako ordezkariek nabarmendu dute euskararen normalizazio prozesuan Osakidetza bezalako zerbitzuen euskalduntzea "oso garrantzitsua" dela, batetik, egunero milaka herritarrek erabiltzen duten oinarrizko zerbitzua delako eta, bestetik, bertan milaka langilek lan egiten dutelako eta herritarren ikuspegitik osasun asistentzia oinarrizko eskubidea dela gogoratu behar dugu.

   "Ez dago osasun asistentzia duina jasotzerik berezko hizkuntzan ez bada. Ezaugarri horiek egiten dute berezi Osakidetza eta horiek bilakatzen dute lehentasunezko euskararen normalizazio prozesu orokorrean", azaldu dute.

   Garrantzia horrekin jabetuta, Kontseiluaren baitan bildutako hainbat eragilek sektorearen euskalduntzea lantzeko lantaldea eratu zuten iaz. Bertan biltzen dira Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea, Euskal Herrian Euskaraz, Euskaltzaleen Topagunea, UEMA eta Behatokia.

   Agerraldian gogorarazi dute orain dela hilabete gutxi onartu duela Osakidetzak euskalduntzeko plan estrategikoa eta hemendik gutxira tokian tokiko planak egiten hasiko direla. Horrela, plana aurkeztu zenean, "gure aldetik proposamen oso bat aurkeztu genion", eta, "erantzunik jaso ez dugun arren, gure aldetik, lankidetzarako beharra eta prestutasuna adieraztearekin batera, aipatutako lekuko planak garatzeak aukera berriak zabaltzen dituela mahai gaineratu nahi dugu".

   "Lekuko plan horietan, plan orokorrak gutxieneko marko orokorra ezartzen du baina, hortik aurrera, ausartago jokatzeko aukera egon badago. Horregatik, gaurkoan, Osasun Sailari aurkeztu genizkion proposamenetatik abiatuta, plan horiek jaso beharko lituzketen oinarrizko elementuen inguruan hitz egin nahi dugu", jakinarazi dute.

KONTRATAZIO POLITIKA

   Hasteko, normalizazio planek emaitza baikorrak izan ditzaten behar dituzten "helburu eta neurri zehatzak eta horiek gauzatzeko epe zehatzak" eskatu dizkiote. Horrela, 15 edo 20 epean langile eta zerbitzu guztiak euskaldunak izatea helburu izanik, "gaurdanik" kontratazio politikan aldaketak egin behar direla ziurtatu dute".

   "Ez du zentzurik langileak euskalduntzera baliabide garrantzitsuak bideratzen diren bitartean euskaldunak ez diren langile berriak kontratatzeak. Euskaldun, elebidunak ez diren langileen iturria edo sarrera, noiz itxiko den erabaki beharra dago. Neurriak progresibotasuna izan beharko du eta urte batzuetan lan deialdietan euskarak meritu gisa duen balioa handitzen joan beharko da. Baina, epe bat jarri behar zaio", nabarmendu dute.

   Jadanik lanean ari diren langileei dagokionez, langileen euskara gaitasuna zein den ezagutu behar dela azpimarratu dute, eta, behin hori ezagututa, langile guztiak euskalduntzeko "plangintza progresibo eta iraunkorra" jarri behar dela abian, "langileei euskara ikastaroetan parte hartu ahal izateko erraztasun eta pizgarriak eskainiz". Horiek ordezkatzeko kontratatzen diren langileak ere euskaldunak izan behar dira eta, horrela, zeharka bada ere, "finkoak ez diren langileen euskalduntzea sustatu".

   "Bide horretan urratsak eginez, gutxienez B2 mailako euskarazko gaitasuna abiapuntu izanda, plangintzaldi honen amaierarako derrigorrezkotasun datak %100era eramateko bidea egin beharko da", adierazi dute.

ZERBITZUA

   Halaber, Kontseiluaren iritziz, bezero euskaldunei euskarazko zerbitzua eman behar zaie "gaurdanik", eta horretarako, dagoeneko Osakidetzak proposatzen dituen zirkuituak baliatu behar dira. Horrela, euskaraz egin nahi dutenei eskubidea bermatuko zaie "egun dauden langile euskaldunen berrantolaketa baten bidez eta denborarekin zerbitzu guzti guztiak herritarrak euskaraz artatzeko gai izango dira".

   "Izan ere, zirkuituena progresibotasunaren baitan ulertzen dugu. Langileak euskaldundu ahala zirkuitu euskaldunetan txertatu eta ondotik espazio euskaldunak osatzen joan beharko dira. Prozesua amaitzean, langile eta espazio guztiak euskaldunak izango lirateke", azaldu dute.

   Bestalde, gaixoa ondoezik dagoenean nekez hasiko da zerbitzua euskaraz eskatzen, eta horregatik, Osakidetzaren sistema informatikoan, aurretik, aukera hau modu sistematikoan jasotzen hasteak "gauzak ikaragarri" erraztuko lituzke, Kontseiluaren ustez.

   Horrekin batera, langile euskaldunak identifikatzeak gaixoaren hizkuntza eskubideen bermea eta euskaraz artatua izateko nahia ahalbidetuko luke, eta, modu horretan, identifikazioak hiztun komunitateko kideon arteko komunikazioa erraztu, besteak beste, "lehen hitza euskaraz egin edo ez pentsatzen ibili beharra ekidinez".

   Halaber, zerbitzu erakundeko konfiantzazko postuak erakundeak berak ondo funtziona dezan ezinbesteko diren bezala, "hauen inplikazioa eta eredua ere ezinbesteko da euskara plana garatu dadin". "Ondorioz, zerbitzuburuak, gainbegiraleak, prestakuntza arduradunak eta antzeko karguak hautatzean euskararen ezagutza kontuan izateak planaren garapena erraz dezake. Ahal den neurrian plaza hauei derrigortasun data jartzera jo beharko litzateke", adierazi dute.

UDALERRI EUSKALDUNAK

   Bestalde, udalerri euskaldunek osaturiko eremuak ere izan dituzte hizpide agerraldian. Herri horietan biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz, eta bertako herritarrak nagusiki euskaraz bizi dira, "euskarak duen arnasgunerik zabalena" osatuz. Horrela, eremu horietan eskaintzen diren zerbitzuek, osasun zerbitzuak kasu, "eragin zuzena" dute bertako egoera soziolinguistikoan.

   UEMAk udalerri hauetako asko barnebiltzen ditu, EAEn 56, hain zuzen ere. Udalerri horiek guztiak lan egiten dute herritarren bizitza sozial zein pribatu osoa euskaraz izan dadin bideak urratzeko, udalerri euskaldunetatik abiatu, udaletatik igaro eta gainontzeko erakundeetaraino iritsiz, eta osasungintza euskalduntzeak helburu horren gauzapenean "berebiziko garrantzia hartzen du".

   Errealitate hori kontutan hartuta, Kontseiluaren iritziz, eremu horietan "intentsitate bereziz" landu beharko litzateke osasun zerbitzuen euskalduntzea. Hortaz, zonalde euskaldunetan (euskaldunen kopurua %70 baino handiagoa den lekuetan), "presazko neurriak hartu behar dira eta kontratazio berri, ordezkapen eta lekualdaketa guztiak euskaldunen bidez egin behar dira".

   Horrekin batera, eremu hauetan derrigortasun data lanpostuen %100ari ezarri behar dela lehenbailehen eta langile horiek beren lan-jarduera euskaraz garatzeko bidea jorratzen hasi behar dela adierazi dute. Eremu hauetan egiten diren ordezkapenetan ere, lanean hasiko diren profesionalak elebidunak izatea ziurtatu beharko litzakeela esan dute.

   Halaber, instituzioen arteko elkarlana sustatzea eta euskalgintzaren ekarpenak kontuan hartzea "garrantzitsutzat" jo ditu Kontseiluak, eta horretarako, "beharrezkoa" ikusten du elkarlanerako guneak sortzea, "non instituzioak eta euskalgintza elkarlanean ariko diren, osasun zerbitzuen euskalduntzea elikatuz".

   "Bide horretan, epe laburrean, Osakidetzako zerbitzu erakundeek lekuan lekuko planak egin beharko dituzte. Hemen euskalgintzatik hainbat oinarri proposatu dizkiegu, baina ez dugu, ordea, horretara mugatu nahi. Zerbitzu erakunde horiek norabide horretan urratsak emateko prest baldin badaude gure laguntza eta babesa izango dutela jakinarazi nahi diegu. Hortaz, euskalgintzatik egiten diogun eskaera eta eskaintza aintzat hartzea espero dugu", azaldu dute.