Kontsumitzaileek 7,2ko notarekin puntuatu dituzte EAEko merkatariak

Actualizado: viernes, 18 febrero 2011 15:42

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak Ikusmer Euskal Merkataritzaren Behatokiari aginduriko azterlan batzuek erakusten dutenez, bilakaera positiboa sumatu da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritzaren sektorean azken urteotan. Horrela, bezeroek 7,2 puntuko batez besteko nota eman diete merkatariei hamarren gainean.

Ikusmer Euskal Merkataritzaren Behatokiak etapa berria hasi zuen 2010ean, berriz definitu eta etorkizuneko joerak aztertzen baititu orain, eta erreferentzia bihurtu da euskal merkataritza-sektorearen informazio-iturri gisa.

Gaur goizean, Behatokiak azken hilabeteetan egindako azterlanen lehengo ondorioak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak.

1.500 euskal kontsumitzaileren artean egindako azterketa baten bidez, barometro bat landu dute kontsumitzaileen eskaerak ezagutzeko eta euskal merkataritza minoristaren erradiografia egiteko.

Horrela, Ikusmerren azterlanaren arabera, txikizkako saltokiaren arduradun edo jabearen batez besteko adina 47 urtekoa da; langileen batez bestekoa 2,5 da saltokiko, eta langileen bi heren emakumeak dira eta heren bat gizonak; txikizkako saltokiaren batez besteko antzinatasuna 23,7 urtekoa da.

Gainera, hiru euskal saltokiko batek bere guztizko azaleraren %84 edo gehiago jendea artatzeko baliatzen du, eta astelehena gorantz doan salmenten kontzentrazio-egun gisa berresten da. Aitzitik, larunbata da salmenten kontzentrazio txikieneko eguna (igandeak alde batera utzita).

Hiru salmenta-operaziotako ia bi eskudirutan ordaintzen dira EAEko txikizkako merkataritza minoristan, eta turismoak merkataritzan duen eraginari dagokionez, aurten 5,1 puntuko hazkundea izan du portzentajezko puntutan.

Kontsumitzaileek sektorearen inguruan duten pertzepzioari dagokionez, hamarretik lauk uste dute EAEko merkataritza hobetu egin dela azken urteetan eta hamarretik ia zortzik aldaketak ikusi dituzte merkataritza-eskaintzan. Euskal merkataritzaren ezaugarriak modu batera edo bestera definitu beharko balituzkete, bezeroek kalitatea (%87%), egokitzeko ahalmena (%73,9), modernotasuna (%71,9) eta adeitasuna (%62,8) aipatzen dituzte. Gainera, oso zabalduta dagoen iritziaren arabera, merkataritzak bizitza ematen dio EAEko hiri-inguruneari.

FINANTZAKETA-PREMIAK

Gainera, Ikusmerrek berariazko txosten bat landu du, sektoreak finantziazioaren alorrean dituen premiei buruzkoa eta laguntza publikoen balioespenari buruzkoa. Ildo horretan, enpresen %22k adierazten du finantzaketa-premiak izan zituela iaz, eta 2011rako aurreikusten denez, finantzaketa-premiak dituzten enpresak %31,9raino haziko dira.

Kredituak edo kreditu-lineak eskatu dituzten enpresen %81ek eskaturiko finantzaketa lortu du, baldintza ekonomikoak zein berme pertsonalak gogortu egin direla egiaztatu badute ere.

Sektorerako laguntza publikoei buruzko ezagutza txikia da. EAEko merkataritza-enpresen %11,4k hainbat laguntza-programa baliatu zituen 2010ean. Batez ere, AFI-ICO inbertsiorako finantza-laguntzako lineak eta merkataritza-establezimenduak modernizatzekoak. Parte hartu duten enpresek gogobetetze-maila handia adierazten dute programekiko.

Ikusmerrek bere web-orria (www.ikusmer.com) berritu du, eta aurrerantzean kontsultarako baliagarri jarri ditu egiten dituen azterlan guztiak.