Kontsumo arduratsua izango da kontsumitzaileen eskubideen mundu eguneko protagonista

Publicado: jueves, 15 marzo 2018 16:45

BILBO, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Kontsumitzaileen eskubideen mundu eguneko jardunaldiaren ardatza, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Arloarekin lankidetzan, kontsumo arduratsuaren ingurukoa izan da. Jardunaldia ostegun honetako goizean hasi da Erribera Merkatuan, non zenbait ekimen egin diren.

Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak azaldu duenez, "bizi dugun une honetan, balioa eman zaio kontsumitzailearen irudiari; bere eskubideak baliatzea eta defendatzea beharrezkotzat jotzen da eta pertsona kontsumitzailearen irudia aktiboagoa dela ulertzen da". Retortillok nabarmendu du nahiz eta kontsumerismoak kontsumismoaren aurrean gero eta pisu gehiago duen, eta "kontsumitzaileak merkatuan duen eginkizun kontzientea" gorabehera, oraindik "erronka ugari" dugula. "Aldaketa bizkorrak dira, eta horietara azkar eta behar besteko informazioarekin egokitu behar dugu, zehazki, kontsumitzaile eta erabiltzaile garen aldetik, erabakitzeko dugun autonomia ez galtzeko", esan du amaitzeko.

Bestalde, Kontsumo zinegotzia Nora Abetek esan du Mundu Egun honen 35 urte betetzen direla, eta zera esan du: "Kontsumoaren Euskal Erakundean modu ludikoan ospatu nahi dugu, kontsumo arduratsuaren balioa nabarmentzeko".

JARDUERAK RIBERAKO MERKATUAN

Jardunaldia ostegun honetako goizean hasi da; ginkana bat egon da eta zozketak egin dira Riberako Merkatuan. Parte-hartzaileek txartel bat bete behar zuten, merkatuko postuetatik, ikusteko zeinek dituen erakusgai kontsumo arduratsuari buruzko mezuak. Txartela bete ondoren, kutxa batean utzi behar zuten eta, ordu erdirik behin, merkatuan gastatzeko bonoen zozketak egiten ziren.

Merkatura hurbildu diren pertsonez gainera, ginkanan 24 eskola-umek parte hartu dute, ikasturte honetan Bilboko Udalaren Kontsumo Arduratsuaren Hezkuntza Programan parte hartzen duten 1.500 ikasleen ordezkari legez. Ibarrekolandako Madre de Dios ikastetxeko 24 eskola-umeak, 10 eta 11 urte bitartekoak, Riberako Merkatuko postuetatik ibili dira, ikasgeletan aurretik landutako edukiak eta trebetasunak egiaztatzeko eta praktikan jartzeko. Helburua da "elikadura jasangarria, alegia, kalitatekoa, ingurumenarekin errespetuzkoa dena eta hurbileko elikagaiak sustatzeko ekoitzia eta banatua egiteko oinarrizko irizpideak eskuratzea, aldi berean, ekoizten dutenek prezio egokia izango dutela bermatzeko", azaldu du Osasun eta Kontsumoko zinegotziak.

Ekitaldietan, halaber, merkatariak izan dira eta lankidetzan jardun dute; eguneko gainerako parte-hartzaileekin batera, zorionak eman dizkiote elkarri, horrelako jardunaldiek nabarmendu egiten dutelako kontsumo arduratsuak zenbateko garrantzia duen edozein adinetan.

GAINERAKO JARDUERAK

Kontsumoaren Euskal Erakundeak karpak jarri ditu, halaber, hiru hiriburuetan. Espazio horiek Riberako Merkatuaren alboko sarreraren ondoan jarri dira, Bilbon; Boulevard zumardian, Donostian; eta Loma Jeneralaren plazan, Vitoria-Gasteizen. Bertara hurbiltzen direnek kontsumitzaile diren aldetik dauzkaten eskubideei buruzko informazioa eskuratu ahalko dute, bai eta beren gain hartu beharreko kautela eta betebeharrei buruzkoa ere, ahal den neurrian kontsumo-gatazkarik egon ez dadin.

Horretarako, azalpen-espazioek hainbat gairen inguruko liburuxkak izango dituzte, besteak beste: familia-aurrezpenerako urratsak, produktuen bermeei buruzko gakoak, kontsumoaren arbitrajea zer den, kontsumo arduratsua lortzeko hondakinak nola birziklatu behar diren edo Kontsumobiderekin harremanetan jartzeko dauden bideak.