Kontsumobidek ia milioi bat bideratuko du kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko toki erakundeentzako laguntzetara

Actualizado: jueves, 20 noviembre 2014 12:21

BILBO, 20 Nov. (EUROPA PRESS) -

Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuak 958.570 euro bideratuko ditu 2015. urtean kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak sustatzen eta defendatzen dituzten tokiko erakundeei eta haiek sustaturiko entitateei diru laguntzak ematera.

Laguntzetarako agindua gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), eta bat dator Kontsumobideren helburuetako batekin, hau da, kontsumoko udal bulegoei laguntza ekonomikoa emateko bideak mantentzea, kontsumo politikak sendotzeko asmoz, eta, ildo beretik, kontsumitzaileak defendatzen eta babesten diharduten erakundeen lana bideratu nahian.

Kontsumobidek jakinarazi duenez, 2015eko ekitaldirako deialdiak berekin dakar hiru gastu mota diruz laguntzea: informazio eta trebakuntza ekintzen funtzionamendua eta gauzatzea, ikuskaritza jarduerak, eta instalazioak eta ekipamenduak.

Zehazkiago, diru kopuru osotik, 859.171 euro kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informazio eta prestakuntza jardueren funtzionamendutik eratorritako gastuak ordaintzeko izango dira, bai eta kontsumitzaileei informazioa emateko helburua duten udal bulegoetara bidaltzekoak diren zentro eta zerbitzuen argitalpenen edizio eta zabalkuntza gastuak ordaintzeko ere.

Halaber, 80.000 euro ikuskaritza jardueretarako izango dira, eta 19.399 euro udal bulegoetara zuzenduriko zentroak eta zerbitzuak instalatzeko, zaharberritzeko, zabaltzeko, ekipatzeko edo lekuz aldatzeko. Toki erakundeek eskariak aurkezteko epea ostiral honetan hasi eta 2015eko otsailaren 15ean amaituko da.