Kontsumobidek kontsumo arduratsuari buruzko ingelesezko hezkuntza materiala sortu du

Actualizado: viernes, 2 octubre 2015 14:19

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuak kontsumoari buruzko ingelesezko hezkuntza materiala sortu du, hizkuntza hori dakiten edo ikasten ari diren gazteei eta helduei kontsumitzaileen eskubideak eta betebeharrak jakinarazteko asmoz.

   Hezkuntza ekintza berri hau Kontsumobidek kontsumoari buruzko informazio eta prestakuntza azkarra eta eraginkorra emateko abiarazi dituen ekimenetako bat da. Helburua beharrizan eta joera berrietara egokitzea da, 2014-2018 aldirako Kontsumobideren Plan Estrategikoan jasotzen den bezala.

   Hala, institutuko arduradunek azaldu dutenez, ikasgeletan erabiltzeko ingelesezko material didaktikoen eskaera gero eta handiagoa denez, Kontsumobidek material hau prestatu du gazteek kontsumoari buruzko "jarrera kontzienteak, kritikoak eta arduratsuak" har ditzaten. Materiala doan eskuratu ahal izango da erakundearen webgunean eta prestakuntza zentroetan.

   Oro har, materiala DBHtik aurrerako ikasleentzat eta helduentzat sortu da, eta bereziki interesgarria izan daiteke irakaskuntza arautuko ikastetxe hirueledunetarako eta kontsumoa ingelesez landu nahi dutenentzat (hizkuntza zentroak, adibidez).

   Unitate didaktikoak ingelesez soilik sortu dira, ikasgelan, jarduera partikular gisa edo Kontsumobideko prestakuntza zentroetan jarduera osagarri gisa lantzeko. Bi unitate didaktiko daude eskuragarri:

elikadura osasungarria eta elikagaien etiketak eta publizitatea ikuspegi kritikotik.

   Unitate didaktiko bakoitza gutxi gorabehera ordu betean egiteko prestatuta dago. Gainera, irakasleek jarduera autonomiaz landu ahal izateko beharrezko informazioa emango da. Materialera bi modutan eskura daiteke: Kontsumobideren web orrian eta Kontsumobideren prestakuntza-zentroetan mailegua eskatuta (Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan).