Korrikaren 20. edizioa Otxandion hasi eta Gasteizera helduko da lehen egunean

20. Korrikaren Ibilbidea
AEK
Actualizado: lunes, 9 enero 2017 13:02

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

AEK-k 20. Korrikaren ibilbidea ezagutarazi du astelehen honetan. Ohi bezala, aurreko Korrika amaitu zen herrialdean hasiko da aurtengoa, Bizkaian, eta Otxandio izan da irteera emateko AEK-k aukeratu duen herria, martxoaren 30eko arratsaldeko 17:00etan. Egun horretan bertan lehenengo hiriburura helduko dira korrikalariak, Gasteizera, hain zuzen.

Korrikaren arduradunek jakinarazi dutenez, Arabatik jarraitu eta Nafarroara pasatu ondoren, iparralderantz abiatu eta apirilaren 2an Donibane-Garazi bigarren mugarrira helduko dira korrikalariak, goizeko 11:00ak aldera. Arratsaldeko 17:24ean Baionatik igaro, Lapurdi eta Nafarroa Beherea zeharkatu, eta Maule iragango du Korrikak, apirilaren 3ko 09:55ean.

Nafarroa Behera eta Garaiatik arineketan pasatu ostean, iparralderantz abiatuko da berriro Korrika, eta apirilaren 4an Donostiara helduko da, iluntzeko 18:45ean. Hurrengo egunetan, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldea izango da nagusi, Bilbora heldu arte apirilaren 6an, 16:52ean.

Lurralde guztietatik igaro ostean, Euskal Herriko lekukoak hegoaldea eskuz esku zeharkatuko du apirilaren 9ko goizean bere helmugara heldu arte: Iruñea. Mezuaren irakurketa eta amaiera jai handiaren hasiera eguerdiko 12:30erako aurreikusita dago, Sarasate pasealekuan.

Jakina denez, Korrikaren 20. edizioa izango da aurtengoa, "BatZuk" lelopean ("Bat egitera, zuk egitera, euskaraz"). Kilometroak erreserbatzeko aukera urtarrilaren 23an zabalduko da, eta interesdunek Korrika bulegoekin harremanetan jartzea besterik ez dute, kilometro zehatza hartzeko eta diru ekarpena egiteko.