Korrikaren urtemuga jaia ospatuko da larunbatean Irungo Ficoban

Jaiaren kartela
KORRIKA
Actualizado: viernes, 10 febrero 2017 14:25

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

Korrikaren urteurrenaren jaia ospatuko da larunbatean, otsailaren 11n, Irungo Ficoba erakustazokan, "ideia ero bezain zoragarria izan zuten horiek omentzeko eta Korrikazale amorratuok festa giroan elkartzeko asmoz". Izan ere, 1980ko azaroaren 29an egin zen lehen Korrika, eta, 37 urte igarota, martxoaren 30ean abiatuko da 20. Korrika.

Edizio biribil hori dela eta, Korrikaren urtemuga jaia ospatuko da. Jaiaren ardatza bazkari berezi bat izango da, ezohiko otordua, sorpresaz betea. Jaia 13:00etan hasi eta 19:30 aldera amaituko da, Korrikaren errepaso historikoa eginda. Sarrera 20 euro izango da, eta antolaketa lanak errazteko, izena emateko gunea prestatu da www.korrika.eus webgunean.

Korrikaren arduradunek jakinarazi dutenez, omenaldi ekitaldian parte hartuko dute Asier Amondo Korrika arduradunak, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Korrikaren sortzaileek, baita aurreko Korrikatan arduradun izan direnek ere.

"Korrikaren ideia eroa mahai baten inguruan egin ziren hainbat bileratan hasi omen zen gauzatzen, eta esan daiteke otordu batean eman zitzaiola behin betiko forma. Horregatik, urtemuga jaiaren ardatza bazkari berezi bat izango da, ezohiko otordua, sorpresaz betea, besteak beste, honakoen eskutik: Txaranga Pasai, Reyes Prados, Eñaut Gantxegi, Nerea Arriola, Gorka Zubeldia, Alaia Martin, Onintza Enbeita, Sara Cozar, Artzen Letona, Peru Iparragirre, Kike Amonarriz, Amaia Irurtia edo Elene Sorozabal. Eta horiez gain, zirkoa, antzerkia, bertsoa, bakarrizketak, dantza", azaldu dute.