Krisialditik irteteko berdintasuna lantzea proposatuko du Emakundek martxoaren 8ko kanpainan

Martxoaren 8ko kanpaina aurkeztu du Emakundek
Foto: EMAKUNDE
Actualizado: lunes, 5 marzo 2012 14:13

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak martxoaren 8rako prestatu duen kanpaina enpresa eta ekonomia arloko emakume eta gizonen aukera berdintasunean oinarrituko da, eta emakumeen enpleguaren alde lan egitea krisialditik irteteko aukera bat izan daitekeela azpimarratuko du. Kanpaina martxoaren 6tik 13ra bitartean egingo da prentsa idatzi, digital, aldizkari, irrati eta kartelen bitartez (autobusetako makesinak, Metro Bilbao, EuskoTren).

   Kanpainaren ideia nagusia berdintasuna eta krisi ekonomikoa zentzu positiboan elkartzea da, hau da, mezu nagusia da berdintasun politikak eredu sozio ekonomiko berri bat eta produkzio eredu berri bat definitzeko lagungarri izan daitezkeela, eta eredu berri honek lagundu dezakeela gizartea krisialditik irteteko.

   Kanpainaren goiburua honako hau da: "Eskubide bat eta krisialditik ateratzeko neurri bat. Landu berdintasuna. Enpresetako berdintasun politikek emakumeen talentua aprobetxatzen dute eta krisiari aurre egingo dion eredu sozio-ekonomiko berri bat sortzen dute, justuago eta eraginkorragoa".

   Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek kanpainaren aurkezpenean adierazi duenez, "enplegua sustatzeko neurriak indartu egiten dira gaur egun lan munduan bere potentzial guztian erabiltzen ez diren gizarteko sektoreen aldeko apustua egiten bada, gazteak eta emakumeak".

   Bere hitzetan, "emakumeen talentua aprobetxatu behar dugu, duten ezagutza, esperientzia, ekiteko gaitasuna. Emakumeak enplegatzeko neurriak sustatu behar dira, hauen jarduera eta okupazio tasa handitzeko, honek onurak ekarriko baitizkio gizarte osoari."

   Silvestrek azaldu du erantzuna eman behar zaiela gero eta zaharragoa den gizarte honek dituen eskaerei, pertsona nagusien zaintzari adibidez, izan ere, "zaintza hau ezin baita arlo pribatuan emakumeen eskuetan bakarrik geratu, eta hauen erantzukizuna banatu behar da erakunde, merkatua eta pertsonen artean". Bere ustez, "zaintzaren gestio on bat egiteak berarekin dakar emakume askoren lanbideei duten balorea ematea eta enplegua sortuko duen sektore baten aldeko apustua egitea".

   Beste alde batetik, Emakundeko zuzendariak azaldu du enpresek berdintasun politiken alde egiten dutenean, ez direla bakarrik justiziaren konpromisoa agertzen duten enpresak bilakatzen. "Aldi berean, euren langileekin konpromiso bat agertzen dute, hauen artean asetze maila altuagoa lortzen dute, talentua gordetzen dute eta erantzukizun partekatua eta produktibitatearen areagotzea ahalbidetzen dute", gaineratu du.

BERRIKUNTZA SOZIALA

   Berdintasun politikak berrikuntza sozialerako tresna izan daitezkeela hedatu nahi du kanpainak, hau da, kanpainak erakutsi nahi du enpresa mailan berdintasuna lantzea ez dela justizia kontu bat bakarrik, gizarte guztiarentzako onuragarria ere badela.

   Kanpainak zabaldu nahi du enpresetan berdintasun politikak sustatzeak onurak ekarri ditzakeela produktibitatean, etekinetan eta baita langileen asetze mailan, eta zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia areagotzeak ordezkaritza maila eta dibertsitatea laguntzen dituela, eta honela enpresa ereduak hobetzen direla.

   Halaber, emakumeen jarduera tasa handitzeak gaur egun guztiz erabili gabe dagoen emakumeen talentua aprobetxatzea suposatzen duela azpimarratu nahi du, baita enpresetan abian jartzen diren berdintasun politikak ez direla erlazionatu behar bakarrik bizitza pertsonala eta profesionala bateratzeko neurriekin, emakume eta gizonen erantzukizun partekatuarekin baizik.

   Azkenik, enpresetako berdintasun politikak enpresako plan estrategikoen barne sartu behar direla eta, sozializatuak izan daitezen, sindikatuen adostasuna izan behar dutela nabarmendu du nahi du Emakundek kanpainaren bidez.