Kultura politiko berriari buruzko ikastaroa egingo da bihar eta etzi Donostian, EHUren Udako Ikastaroen baitan

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 1 septiembre 2010 14:55

DONOSTIA 1 Sep. (EUROPA PRESS) -

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak hasiko du bihar "Kultura politiko berria: Balioak Gipuzkoaren erronka" ikastaroa. Ikastaroa bihar eta etzi izango da Donostiako Miramar Jauregian, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) XXIX. Udako Ikastaroen barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin. Hasiera ekitaldia bihar goizeko 9:00etan izango da, "Gobernantza sistema berri baterako bidean Gipuzkoa" izenburupean diputatu nagusiak aurkeztuko duen txostenarekin.

Ikastaroaren zuzendaria den Gipuzkoako diputatu nagusiaren Kabineteko buru Xabier Barandiaranek adierazi duenez, ikastaroaren helburua da aztertzea beharrezkoa ote den kapital soziala berriz asmatzea, gobernantza birformulatzea eta Gipuzkoako sare sozialen dinamismoa indartzea gero eta zabalduago dagoen indibidualismoak erronka berriak jartzen dizkienean ohiko gizarte balioei.

Ildo honetan, esan du gipuzkoarren kultura eta emozioak arrakastarako gakoak direla gizarte garapeneko eta lehiakortasuneko estrategian, eta gogorarazi du Gipuzkoa ez dela hutsetik abiatzen eta aktibo garrantzitsua daukala, gizarte eta enpresa lankidetzako esperientzia handia duelako.

Gero eta handiago den konplexutasunak ohiko antolakuntza eskemak baliogabe uzten dituela adierazi ondoren, Barandiaranek azpimarratu du Europar Batasunean nahiz eskualde ezberdinetan konstante bat dela sistemaren maila eta eragile ezberdinen arteko elkarreraginak sustatuko dituzten gobernantza eredu berriak bilatzea ekintzak eta politikak modu eraginkorrean xehazteko legez, betiere, irekiera, lankidetza eta konfiantza bultzatzen dituzten prozesuak oinarri hartuta.

Bi egunetan zehar hainbat adituk gaiaren inguruko azterketak, hausnarketak eta eztabaidak egingo dituzte. Bihar parte hartuko dute Bloque Nacionalista Galegoko koordinatzaile eragilea den Teresa Taboasek eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UNED) katedradun Amelia Valcarcelek. Etzi mintzatuko dira Victoria Camps Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedraduna, Domingo Garcia-Maza Castelloko Jaume I. Unibertsitateko katedraduna eta Manuel Villoria Madrilgo Juan Carlos Erregea Unibertsitateko katedraduna.

Ikastaroa mahai-inguru batekin amaituko da. Bertan, eta "Kultur politiko berri baterako ekarpenak" izenburupean, ostiral goizeko hizlariez gain, Xabier Barandiaranek berak eta Donostiako Estrategia Bulegoko kide Kepa Kortak parte hartuko dute.

Contenido patrocinado