Kulturaren aldeko Hirien Gailurrak hiritar, kultur eta garapen iraunkorraren arteko harremana sustatzeko agiria egin du

Actualizado: viernes, 20 marzo 2015 14:56

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   Munduko Hirien eta Tokiko Gobernuen Batasunak (CGLU gaztelaniaz) Bilboko Azkuna zentroan antolatu duen Kulturaren aldeko Hirien Gailurra "Kultura 21: Jarduerak. Hiri iraunkorretan kulturak duen xedeari buruzko konpromisoak" izeneko dokumentua onartuta amaitu da. Agiriaren bidez, konpromiso eta ekintza neurgarriak dituen nazioarteko esparrua ezarri nahi da, herritarren, kulturaren eta garapen iraunkorraren arteko harremana sustatzeko asmoz, "kultura gorabidean dagoen arloa delako eta oraindik ez dagoelako finkatuta, baina gizadiaren erronkei erantzuna emateko ezinbestekoa".

   Gailurra ostiral honetan amaitu da Ibone Bengoetxea Bilboko alkateorde eta Kultura eta Hezkuntza zinegotziaren hitzaldiarekin. Aurretik, tokiko gobernuetako, nazioarteko erakundeetako eta 2015 osteko Garapen Unibertsal Iraunkorreko Agenda -Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak irailean onartuko duena- diseinatzeari lotutako beste eragile batzuetako hainbat ordezkarik parte hartu dute.

   Hain zuzen ere, Garapen Unibertsalari buruzko Agendaren helburuak nahiz NBEk Quiton (Ekuador) 2016ko urrian urbanizazio iraunkorrari buruz egingo den Habitat III Konferentziaren emaitzak, tokiko, estatuko eta nazioarteko mailetan ezartzeko gida erabilgarria izatea da "Kultura 21: Jarduerak" dokumentuaren xedea.

   Unescok 1980ko hamarkadan erabilitako definizio "antropologikoa" abiapuntutzat hartuta -kultura gizakion bizitzan agertzen diren adierazpide, balio, sinesmen, jarduera eta abarren multzoa da-, "Kultura 21: Jarduerak" dokumentuan ekintzarako 100 proposamen bildu dira guztira, bederatzi ataletan sailkatuta, eta 2004an CGLUk sustatutako Kulturaren Agenda 21i atxikitako tokiko gobernuen lan ildoak sintetizatzen ditu.

   Kultura eskubideak; Ondarea, aniztasuna eta sormena; Kultura eta hezkuntza; Kultura eta ingurumena; Kultura eta ekonomia; Kultura, ekitatea eta gizarteratzea; Kultura, hiri plangintza eta espazio publikoa; Kultura, informazioa eta ezagutza; eta Kulturaren gobernantza dira 100 proposamenak biltzen dituzten bederatzi arloak.

KULTURAREN AGENDA 21

   Kulturaren Agenda 21, kulturaren, herritarren eta iraunkortasunaren arteko harremanaren garrantzia modu sistematikoan lehendabizikoz jorratu zuen nazioarteko lehen dokumentua izan zen. Hamar urtetan, 594 eragilek (tokiko gobernuak, elkarteak, agentziak, estatuen ministerioak eta nazioarteko erakundeak) euren politikak eta programak lotu dituzte CGLUren ekimenarekin. CGLUk inkesta baten emaitzak argitaratu zituen irailean eta, horien arabera, Azkuna zentroan ostiral honetan aurkeztu dutenaren moduko gida praktikoa prestatu behar zen.

   Ildo horretan, "Kultura 21: Jarduera" izenburuak CGLUk giza garapenaren ardatz gisa duen konpromisoa berresten du, "XXI. mendean gizadiari azaldutako erronkei erantzuna emateko ezinbestekoa delako". Horretan, tokiko gobernuek "berebiziko eginkizuna" dute, herritarrekin eta beste eragile publiko nahiz pribatuekin hitz egiteko eta elkar eragiteko duten gaitasunarengatik.

   Horrela, oraindik aurrera, "Kultura 21: Jarduerak" dokumentua hainbat arduradunen eskuetan egongo da: alkateak, eskualdeetako eta herrialdeetako arduradunak, nazioarteko erakundeak eta hirietako eragileak. Horrekin autoebaluatzeko prozesuak sustatu nahi dituzte, kulturaren, herritarren eta garapen iraunkorraren alorretan inplikatutako alderdi guztien ezagutza, elkarrekiko lotura eta gaitasun operatiboa handitu ahal izateko.

   CGLUren Kultur Batzordeak laneko dokumentu osoa eskainiko du, autoebaluazioa egiteko aholkuak barne, puntuazioari, adierazleei eta iruzkinei dagokienez. Autoebaluatzeko prozesu bakoitza amaitutakoan, parte hartzen duten tokiko gobernuek lortutako emaitzak grafiko batean irudikatu ahal izango dituzte. Horrek hiriguneen arteko alderaketak -denboran zehar- eta esperientziak elkartrukatzea erraztuko du.

   Ondoren, CGLUren Kultura Batzordeak kritikak, iruzkinak eta oharrak bilduko ditu egokitzeko prozesu etengabean aurrera egiteko eta nazioarteko sarean laneko sistema ezartzeko, tokian tokiko ezarpenari dagokion atal batekin eta nazioarteko "praktika komunitateari" edo elkar trukatzeari dagokion beste batekin.

   Azkenik, CGLUren Kultura Batzordeak bi urtean behin Kulturaren aldeko Hirien Gailurraren edizio bat antolatuko du, hurrengo helburuak betetzeko: eragileak elkar lotzea, elkartrukea sustatzea, Kulturaren Agenda 21 eguneratzea eta sareko lanaren bilakaeraren berri ematea.