#KulturaZientifikoaren 2. Jaialdia apirilaren 28an hasiko da Zientzia.net atarian

Actualizado: miércoles, 16 abril 2014 13:21
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   #KulturaZientifikoaren 2. Jaialdia antolatu du Elhuyarren Zientzia.net atariak, eta apirilaren 28tik ekainaren 20ra bitartean, norberak lantzen edo aztertzen duen edo interesatzen zaion jakintza arloen inguruko post, artikulu, audio edo bideoak bildu eta sareratuko ditu, kultura zientifikoaren gaineko ezagutza, onespena eta interesa internet bidez zabaltzeko.

   Antolatzaileek azaldu dutenez, bi bide izango dira ekarpenak argitaratzeko. Alde batetik, parte hartzaileak blog edo webgune propiorik ez badu, bere ekarpena Zientzia.net atariak argitaratuko du, eta horretarako, posta elektronikoz bidali behar da ekarpena.

   Beste alde batetik, parte hartzaileak bere ekarpena blog edo webgune propioan argitaratu dezake. Jaialdian parte hartzen duela adierazteko, ekarpenaren bukaeran "Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du" eta jaialdiaren logoa gehitu behar du. Behin hori argitaratuta, Zientzia.net atariari helaraziko dio bere sarreraren web helbidea.

   Ekarpenak gehienez 1.000 hitzekoak izango dira, eta edozein jakintza arloko (Giza Zientziak, Gizarte Zientziak, Lege Zientziak, Osasun Zientziak, Zientzia Esperimentalak, Zientzia Teknologikoak) gairi buruzkoak izan daitezke, beti ere objektiboa eta errepikatzeko modukoa bada aurkeztutako ezagutza. Teoriak, hipotesiak ala iritziak agertuz gero, garbi adieraziko da testuan.

   Argazkiak, bideoak, eta audioak ere partekatu daitezke. Partekatutako testuek komentarioak izan ditzakete, eta eztabaida eragin; eztabaida eta kritika beti ere errespetutik eta argudio konstruktiboak erabiliz egingo da. Partekatuko diren ekarpenen hizkuntza euskara izango da.

HELBURUAK

   Kultura zientifikoarekin gozatzea, interneten kultura zientifikoa euskaraz jorratzen diharduten eragileen sarea sortzea, zientzia eta kultura zientifikoa hezkuntzan eta gizarte osoan indartzea, "zientzien" eta "letren" arteko muga artifiziala gainditzen laguntzea, eztabaida eta jarrera kritikoa sustatzea eta elkarlana bultzatzea dira jaialdiaren helburtuak.

   Zientzia.net atariak hainbat kanaletatik jasoko ditu bai bertan argitaratuko diren ekarpenak, bai beste blogetan edo webgunetan Jaialdiaren barruan argitaratutakoak: posta elektronikoa (kzjaia@gmail.com), Twitter (@zientzianet erabiltzaileari bidali sarreraren esteka #KZJaia2 traola erabilita) eta Facebook (KulturaZientifikoa Jaialdia talde publikoan argitaratuz).

   Sare sozialetan (Twitterren eta Facebooken) jaialdiaren inguruko argitalpenak zabalduko dira, Zientzia.net-en bidez zein beste parte hartzaileen bidez. Horretarako, Twitterren #KZJaia2 traola erabiliko da eta Facebooken KulturaZientifikoa Jaialdia taldea.

   Jaialdiak aurrera egin ahala, egindako ekarpenen laburpena egingo da Zientzia.net atarian, eta ekarpen kopuruaren arabera, bizpahiru astero egitea aurrikusten dute antolatzaileek. Laburpen hauetan, besteak beste, ekarpen bakoitzaren esteka bilduko da. Jaialdiarekin lotuta Zientzia.net-ek argitaratuko dituen artikulu guztiak #KZJaia2 gaiaren barruan sailkatuko dira, eta jaialdiaren bukaeran, ekimenaren laburpena eta balorazioa egingo da.