Kutsadura iturriak aurkitu eta kuantifikatzeko metodo bat diseinatu du EHUko ikertzaile batek

Actualizado: viernes, 24 julio 2015 13:45

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Iratxe Uria Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileak protokolo estandarizatu bat garatu du, airearen kalitatea kudeatzeko eredu ezagunetan oinarrituta, kutsadura iturriak identifikatzeko eta iturri horiek ingurumeneko kutsadura mailan duten eragina kuantifikatzeko. Protokoloa, gainera, Cadagua ibaiaren behe ibilguan neurtutako konposatu organiko lurrunkorren datuekin baliozkotu da.

   EHUko iturriek adierazi dutenez, iturri kutsatzaileei buruzko informazio kuantitatibo eta fidagarria izatea "funtsezkoa" da kutsadura murrizteko estrategia eraginkorrak ezarri eta, gerora, aplikatutako kontrol neurrietatik lortutako emaitzak ebaluatu nahi badira.

   Horrela, Iratxe Uria Ingeniaritzako Goi Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumena Saileko ikertzaileak protokolo estandarizatu bat garatu eta baliozkotu du konposatu organiko lurrunkorren (KOL) iturriak aurkitu eta esleitzeko, hargailu ereduetan oinarrituta. Eredu horiek teknika matematikoak dira, eta asko erabiltzen dira airearen kalitatearen kudeaketan kutsadura iturriak identifikatzeko eta iturri horiek ingurumeneko kutsadura mailan duten eragina kuantifikatzeko.

   Cadaguako behe ibilguko airearen kalitatea neurtzeko bi estaziotan aplikatu zen protokoloa, eta, haren bidez, antzeko kutsadura iturriak ebatzi ziren: koke labeek, zirkulazioak, disolbatzaileek eta landarediak eragindako emisioekin lotu ziren iturriak, batez ere. Protokoloaren bidez, zehaztasun handiz xedatu ziren bi estazioetan identifikatutako kutsadura iturrietan sortutako KOLen ehunekoak. Protokoloak oso emaitza onak eman dituenez orografia eta meteorologia konplexuko eremu horretan, baliagarria izan liteke beste edozein lekutan erabiltzeko.

   Protokoloa definitzeko, EHUko ikertzaileak oinarritzat hartu zituen kutsadura iturriak esleitzeko gaur egun gehien erabiltzen diren metodologiak, baita emisio iturriei buruzko eta emisioen kontzentrazioei buruzko informazio zehatzik ez dagoen egoera ohikoenak ere.

   Protokoloa gauzatu ondoren, benetako datuekin baliozkotu zen: Cadagua ibaiko behe ibilguko eremu batean kokatutako bi laginketa puntutan lortutako KOLen ingurumen datuekin. Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, Cadaguaren behe-ibilguan airearen kalitatea ebaluatzeko eta konposatu organikoen iturriak esleitzeko proiektuan egin ziren neurketa horiek.

KOL ITURRIAK

   Konposatu organiko lurrunkorrak (KOL) gas egoeran daude, giro tenperaturan, eta kaltegarri izan daitezke osasunerako, ozonoaren eta partikula kutsatzaileen aitzindari izan baitaitezke: KOL batzuek minbizia eragin dezakete eta beste batzuk toxikoak dira (zorabioak, botalarria eta abar eragiten dute). Hala ere, KOL gehienak ez daude araututa, eta garrantzitsua da haien ingurumeneko mailak neurtzea.

   Ikerketa egin zenean, KOL iturri ugari eta askotarikoak zeuden Cadaguaren behe ibilguan (besteak beste, koke instalazio bat, harrikatz mundrunaren destilazio instalazio bat, petrolio findegi bat, zirkulazio handiko autobideak eta populazio handiko hiriguneak), eta ingurunearen topografia eta meteorologia konplexuak dira han; horren ondorioz, esperimentu alor ezin hobetzat jo zuten eremu hura, protokoloa definitu eta probatu ahal izateko.

   Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak Zorrotza auzoan airearen kalitatea neurtzeko zuen estazioan egin ziren neurketak, eta, bestetik, Zubiletan, Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikor hornitu bat erabiliz. Zorrotzan ordu oro hartu ziren neurriak, urtebetez; Zubiletan, berriz, urte erdian baino gehixeagoan. Estazio horietan, halaber, ohiko kutsatzaileen datuak eta parametro meteorologikoak hartu ziren ordu oro, gero kutsadura iturriak identifikatzeko lanetan erabiltzeko.

   Datu horiekin guztiekin azterketa kualitatibo eta kuantitatibo bat egin zen, eta agerian geratu zen bi estazioetan erregistratutako kutsatzaile kontzentrazioak oso lotuta zeudela une bakoitzeko egoera meteorologikoarekin eta Cadaguako ibarreko jatorri industrialeko emisioekin; hain zuzen ere, etano, eteno, bentzeno eta naftaleno kontzentrazio handiak aurkitu ziren, seguru asko koke instalaziotik eratorriak -instalazioa, gerora, itxi egin zuten-.

   Halaber, zirkulazioa KOL iturri nagusitzat jo zen, bai Zorrotzan, bai Zubiletan. Bestalde, disolbatzaileen erabilera iturri txikiagotzat jo zen, eta, azkenik, petrolio findegiaren emisioen inpaktuaren aztarna batzuk azaldu ziren Zorrotzako estazioan. Emaitza horiek ezin hobeto egiten zuten bat ikertzaileak diseinatutako protokoloa erabiliz lortutako emaitzekin.

   Iratxe Uria (Bilbo, 1985) ingeniari kimikoa da, Ingurumen Ingeniaritzako master bat egin du eta Ingurumen Ingeniaritzako doktore da. "Development and application of a protocol for source apportionment of ambient volatile organic compounds in urban/industrial áreas" tesia egin du EHUko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumena Sailean, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskolan, Marino Navazo Muñozen zuzendaritzapean.