Kutxabankek 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako "Primeran" abantaila eta produktuen lerroa abiarazi du

Actualizado: jueves, 18 septiembre 2014 16:27

BILBO, 18 Sep. (EUROPA PRESS) -

Kutxabank finantza erakundeak "Primeran" planaren lehen fasea abiaraziz ekin dio ikasturte berriari, 18 eta 35 urte arteko bezeroen eskura jarri dituen produktu, zerbitzu eta abantailak biltzen dituen planaren lehen fasea martxan jarriz, hain zuzen ere. Kanpainaren helburua erakundeak adin horretako herritarren artean duen presentzia finkatzea eta sendotzea ere bada, bertan duen barneratze kuota %65etik gorakoa baita.

"Primeran" planak produktu eta zerbitzu berriak izango ditu laster, baina planaren abiapuntua joan den astean izan zen, gazteentzako bereziki diseinatu den hipoteka mailegua abiarazi baitzen. Hipoteka horren abantaila nagusia da interesen tasa aldakorrean ezartzen duen %0,25eko deskontu gehigarria, kontratatu duen pertsonak 35 urte bete arte, irekitze komisio gastu barik. Bezero bakoitzak duen lotura mailaren arabera, hipotekan %1 arteko hobaria lortzea ahalbidetzen du mailegu mota horrek eta zati aldakorra Euribor +%1ean kokatzen du.

Finantza produktu eta zerbitzuen lerro gazte berriak abantaila esanguratsuak eskainiko dizkie euren nominak Kutxabanken helbideratzea erabakitzen dutenei, eta horrela, erakundeak bere bezero gazteen konfiantza sarituko du telebista, tableta, smartphone eta fitness eskumuturrekoak oparituz, adinaren eta loturaren arabera.

Gainera, nomina Kutxabanken helbideratzea erabakitzen duten gazteek finantzaketa baldintza bereziak lor ditzakete auto berria erosteko, irekitze eta aztertze komisio barik, 30 urte arte, bai eta lehentasunezko maileguak ere, ikasketak finantza ditzaten. Era berean, kontuen mantenu kuotak ken dakizkieke, seihileko batez besteko saldoa 2.000 eurotik gorakoa bada. Halaber, txartelak jaulkitzeagatiko kuota ere ken dakieke.

18 eta 35 urte arteko bezeroentzako planak ematen dituen abantaila ez finantzarioen artean, "Kutxabank esperientziak" programaren jarduera esklusiboetan parte hartzeko aukera nabarmentzen da, bai eta kirol, musika eta kultura mota guztietako ikuskizunetarako sarreren zozketak eta Kutxabanken bidaia katalogoa eskura izateko aukera ere.

SAREAN

"Primeran" planak beste erronka bat ere ezarri du, gazteek gehien erabiltzen dituzten harreman bideak sustatzea eta hobetzea, hau da, on line banka, banka mugikorra eta sare sozialak. Zentzu horretan, planaren ildotik abiarazten diren berrikuntzei, sustapenei eta eskaintzei buruzko informazioa eskura izango da erakundeak presentzia duen sare sozialetan, izan ere, 100.000 jarraitzailetik gora baitu horietan.

Finantza taldeak aplikazio modernoa du eskuko telefonoetarako nahiz tabletetarako. Aplikazio horretan ikusgai daude erakundeak parte hartzea duen kultura, kirol, ingurumen eta aisialdi jarduera guztiak. Gainera, bilatzeko gailua dute eta lurraldeka, kategoriaka edo bilatu nahi den testuaren arabera kokatzen ditu.