Kutxabankek 2016an merkatariei eta autonomoei emandako finantziazioa %52 igo da

Actualizado: lunes, 9 enero 2017 15:12

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Kutxabank finantza taldeak 2016. urtean merkatariei eta autonomoei emandako finantziazioa %52 igo da, aurreko urtearekin alderatuta, eta negozio bakoitzari bideratutako batez besteko finantziazioa 60.000 eurokoa izan da, euskal finantza erakundeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

"Enpresa txiki eta ertainen (ETE) eta enpresen alorretan gertatzen ari den bezala, 2016an Kutxabankek jaso dituen adierazleek argi erakusten dute merkatarien, autonomoen eta profesional liberalen jarduera bere onera etortzen ari dela, eta negozio hauen lehiakortasuna hobetzeko finantziazioaren eskaria ere handitu egin dela". Joan den abenduaren 31ra arte, finantza taldeak %23 finantziazio eragiketa gehiago zenbatu ditu", azaldu du.

Erakundearen araberz, finantziazio horrekin "negozio hauen produktibitatea hobetzeko inbertsioak" egin ahal izan dira, eta bestelako zirkulatzaile eragiketei ere erantzun ahal izan zaie. Horrela, merkataritza sektorea nabaritzen ari den hobekuntza horrekin batera, "konfiantza handiagoa ere sumatzen da gizartean, kontsumo ohiturak aldatzen ari baitira".

Horrela, Kutxabanken merkataritza maileguak -saltokietan bertan hasi eta amaitzen den finantziazio azkarreko programak- "oso bilakaera ona" izan du, abenduaren amaierara arte 673 saltoki berri batu baitira programara. Gaur egun, 2.800 merkataritza gune inguruk dute bezeroentzako finantziazio zerbitzu hau.

Halaber, 20.000 eragiketa inguru egin ostean, merkataritza maileguaren finantziazio bolumena %37 hazi da epe horretan. "Erosleek geroz eta atseginagoa dute salmentak sustatzen dituen ordainketa modu hau, azken kontsumitzailearen eskuetan erosketak finantziatzeko aukera jartzen baitu, tramitazio eta paper betetze luzerik gabe, oso erraza den eragiketa baten bitartez. Hori guztia, kontsumo arduratsua bultzatzen duen filosofiarekin, eta mailegua aztertu, kontrolatu eta emateko eredu zehatz batekin", adierazi du.

Gainera, Kutxabanken arabera, hainbat adierazlek erakusten dute merkatarien, autonomoen eta profesional liberalen jarduera "apurka-apurka bere onera etortzen" ari dela, eta horrela, abian jarri duen Merkataritza Planaren bigarren zatiak 5.500 negozio berri Negozio Kontura batzea lortu du, eta bezeroen zorroa 10.500 negozio baino gehiagok osatzen dute dagoeneko.

FAKTURAZIO KOMERTZIALA

Bestalde, merkatarien eskura 2.490 TPV gailu berri jarri eta gero, tresna hauen bitartez izandako jarduerak "oso emaitza itxaropentsuak" lortu ditu. Izan ere, 2016. urtean, Kutxabanken datafonoen bitartez lortutako fakturazioa %10,5 hazi da. Horela, urteko fakturazioa bigarren urtez jarraian igo da, 2015ean igoera %13,5ekoa izan baitzen.

Aseguruen esparruan negozio kontua duten bezeroen %60k Kutxabanken merkataritza asegurua ere badu. Aseguru honek merkataritza jarduerak berezkoak dituen arriskuak estaltzen ditu, eta ildo berriak ezartzen ditu, hala nola ezbeharrak, informazio juridikoa, aholkularitza informatikoa, negozioko ibilgailuen kudeaketa eta baita laguntza pertsonala ere, lapurretak, suteak, ezbeharrak edo gaisoaldiak gertatuz gero. Aseguruen eskaintza aldi baterako ezintasuna estaltzen duen aseguruarekin osatzen da, autonomoei eta profesional liberalei lasaitasuna emateko sortu den produktuarekin.

"Negozio planak izan dituen emaitza onak jarduera komertzial proaktiboan ere oinarritzen dira, espezialista talde ibiltarien eta finantza taldeko bulegoetako profesionalen babesarekin", azaldu du.