Kutxabankek eta merkataritza ganberek euskal enpresen esportazioak finantzatzeko %25eko deskontuak adostu dituzte

Gipuzkoako Merkataritza Ganberako eta Kutxabankeko ordezkariak
Foto: KUTXABANK
Actualizado: jueves, 12 marzo 2015 12:34

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Kutxabankek eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritza ganberek euskal enpresen esportazioak finantzatzeko %25eko deskontuak adostu dituzte, eta 135 milioi eurora arteko finantzaketa ildo bateratua jarriko dute ganberen bazkide diren ETEen eskuetan, atzerrian beren lehiakortasuna hobetzeko.

   Arabako Merkataritza Ganberako idazkari nagusi Eduardo Mozo de Rosalesek, Bilboko Merkataritza Ganberakoak, Juan Carlos Landetak, eta Gipuzkoakoak, Endika Sánchezek, lankidetza hitzarmenak sinatu dituzte Kutxabanken Enpresa alorrak lurralde desberdinetan dituen arduradunekin, hau da, Igor Pérezekin (Araban), Javier Buenorekin (Bizkaian) eta Jabier Larrañagarekin (Gipuzkoan).

   Zehazki, merkataritza ganberen bazkide diren enpresen eskuetan 90 milioira arteko ildo bateratua jarriko da, beste 45 milioi eurora zabaldu daitekeena, beren esportazioak lehentasunezko baldintzetan finantzatu ahal izateko.

   Sinaturiko hitzarmenen helburu nagusia berezko tarifari %25eko deskontua ezartzea da, eta esportazioetarako finantzaketa ildoak indarrean dituzten ETEentzat, beherapen hau banka taldearekin adostutako prezioari ezarriko zaio. Produktu honen bezero berrien kasuan, deskontua mailegu kalitatearen arabera dagokioen prezioari ezarriko zaio.

   Euskal merkataritza ganberek eta Kutxabankek sinatu duten akordioaren xedea, azken batean, euskal esportazioak hazten jarraitzea da. Izan ere, 2014an EAEk 22.241 milioi euroko balioa izan zuten produktuak esportatu zituen, 2013an baino %8,3 gehiago, batik bat Bizkaian. Lurralde horretan atzerrira eginiko salmenten kopurua %11,9 hazi zen, Gipuzkoan %7 eta Araban %4,3. Esportaturiko gaien balorea gehiengo historikoetara iritsi zen eta 2011. urtean lortutako errekorra gainditu egin zen.

   Bestetik, sinatutako hitzarmenek erantzuna ematen dio, nolabait, 2014ko uztailean mnerkataritza ganberen presidenteek -Gregorio Rojok (Araba), Jose Angel Corresek (Bilbao) eta Pedro Esnaolak (Gipuzkoa)- Eusko Legebiltzarrean egindako eskakizunari, erakundeen babes "intentsoagoa eta eraginkorragoa, eskakizun eta esfortzu maila handiagokoa" aldarrikatu baitzuten, euskal enpresek atzerrira eginiko irteerak "berreskurapen ekonomikoaren palanketako bat" izatea bermatzeko.