Kutxabanken jarduera zuzenak 669 milioi euroko eragina izan zuen iaz EAEko ekonomian

Kutxabanken sukurtsal bat
Europa Press
Actualizado: jueves, 25 mayo 2017 12:38

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Kutxanbank finantza taldearen erakunde jarduera zuzenak 669 milioi euroko eragina izan zuen 2016. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomian, hau da, urteko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1en baliokidea. Gainera, EAEko herri erakundeek 267 milioi euro jaso zuten tasa eta zergatan, eta finantza taldearen jarduerak 7.392 lanpostutan eragin zuzena eta zeharkakoa izan zuen.

Bere jarduerak iaz ekonomian izan zuen eragin zuzena nahiz zeharkakoa eta eragindakoa baloratu ditu Kutxabankek. Azterketa Crepede Aurreikuspen Ekonomikorako Zentroak egin du, eta ekoizpen, errenta sortze, enplegu eta itzulera fiskalen terminotan sortzen diren ondasunen eta zerbitzuen fluxuak eta transakzioak aztertu ditu. Azterketan ez da sartu bankuaren akziodunak diren banku fundazioek sortutako jarduera, ezta bere enpresa partaidetuen zorroak sortutakoa ere, besteak beste.

Horrela, 2016an, Kutxabankek 700 milioi euro baino gehiago bideratu zizkien EAEko hornitzaileei, langileei, banku fundazioei eta administrazio publikoei egindako ordainketatan. Jarduera arloka aztertuz gero, finantza erakundearekin lan egiten duten EAEko 1.461 hornitzaileren artean 157 milioi euro banatu ziren, eta 255 milioi euro bankuko bertako langileek jasotzen dituzten ordainsariei dagozkie. Halaber, bigarren urtez jarraian, akziodunak diren banku fundazioei bere mozkin garbiaren %50eko gizarte dibidendua eman zien, hau da, orotara 122 milioi euro.

Magnitude horiek guztiek baloratzen dute Kutxabanken ekoizpen kateak eta errenta propioen sorrerak EAEren sistema ekonomikoaren gainean sortu zuen eragin zuzena. Azterketa horretan oinarrituta, zeharkako eta sorrarazitako hainbat eragin ere zehaztu dira, finantza bitartekaritza jardunetik eratorritakoak eta, zehatzago, kreditu jardunari lotutakoak.

Kasu horretan, eta azterketatik eratorritako balioespenen arabera, EAEko BPGren sorrerari egindako ekarpena 9.200 milioi euroren inguruan egongo litzateke, hau da, EAEko errentaren %13,6. Lan merkatuan izan zuen eragina 145.000 lanpostura iritsi zen -lan egiten duen populazioaren %16-, eta EAEko ogasunetako diru sarrera fiskalei egindako ekarpena, ordaindutako zergatan eta tasatan, 3.668 milioi eurora iritsi zen.

Azkenik, Kutxabankek 2016an izan zuen eragin ekonomikoari buruzko azterketaren arabera, finantza erakundeak 1.126 milioi euroko baliabideak sortu zituen Espainian, hau da 2016ko BPGren %0,10en baliokidea. Gainera, 13.801 lanpostu mantentzen lagundu zuen eta 513 milioi euroko zerga bilketa agregatua eragin zuen, kontribuzioen, zergen eta tasen kontzeptuetan.