Kutxabanken kontsumorako maileguak %28 igo ziren 2016an

Kutxabank sukurtsal bat
Europa Press
Actualizado: lunes, 23 enero 2017 13:10

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Kutxabank finantza erakundeak 2016. urtean formalizatutako kontsumorako maileguak 325 milioi eurora heeldu ziren, hau da, aurreko urtean baino %28 gehiago. Iaz sinatu zituen 90.000 eragiketen artean, %90 mailegu pertsonalak izan ziren.

"Eskatzen dituzten pertsonen behar eta eskarietara egokitzen dira mailegu hauek, eta hobari interesgarriak eskaintzen dizkiete bankuarekin lotura maila jakin bat duten bezeroei", azaldu dute euskal finantza taldeko arduradunek.

Halaber, maileguen jarduerara bide teknologiko berriak etengabe gehitzen ari da Kutxanbank, eta horrek bezeroen kopurua handitu du. Ohiko banka ez den beste bideetatik maileguak eskatu eta lortzen dituzten lagunak geroz eta gehiago dira, batik bat on line bankaren eta banka mugikorraren bitartez.

Horrela, 2016 "oso urte eraginkorra" izan zen teknologiaren ikuspegitik, eta Flexibuy geroratutako ordainketen aukera on line eskatu daiteke, nahi izanez gero smartphone gailuaren bitartez ere. Horrekin guztiarekin, on line eta mugikor bitartez emandako maileguen kopurua bikoiztu egin zen iaz.

Gainera, Kutxabank Kredit euskal banka taldearen kontsumorako maileguen atalak 28 milioi euro bideratu zituen Merkataritzako Mailegua deritzon ildoaren bitartez, atxikitako saltokietan. Kutxabank Kredit atalak arlo honetan izan duen jarduera komertzial biziak %37 igo du mota honetako finantziazioa, azken kontsumitzaileari erosketak errazteko. "Merkataritzako Maileguak ordainketarako erreztasunak ematen ditu eta finantziazioa paper luzeak bete beharrik gabe bideratzen du, saltokian bertan hasi eta amaitzen den eragiketa erraz baten bitartez", azaldu dute.

Halaber, Kutxabankek zabaltzen jarraitu du "aurrez onarturiko" maileguak lor ditzaketen bezeroen kopurua, behar pertsonalak edota familiarrak asetzeko abantailazko baldintzetan, beti ere kontsumo arduratsuaren ikuspegitik. Hain zuzen ere, 1,4 milioi lagun dira Kutxabankek aurrez onarturiko mailegu eragiketa hauen balizko onuradun, eta 26.500 milioi eurora iristen da ezarri zaien zenbateko osoa.

Gainera, autoen salerosketa ere emaitza positiboak lortzen hasia da oro har. Kutxabank Kreditek merkatu horretara bideratu duen finantziazioak ere bilakaera oso positiboa izan zuen iaz. Hain zuzen ere, finantza taldeko mailegu pertsonalen dibisioak 83 milioi euro kudeatu zituen auto berriak eta bigarren eskukoak erosteko eragiketetan. Honenbestez, helburu berarekin 2015an emandako finantziazioa %17 hazi zen.