LABek salatu du behin behineko 26 langile kaleratuko dituztela Gurutzetako ospitalean

Gurutzetako ospitalea
Europa Press
Actualizado: lunes, 2 enero 2017 12:32

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) LABeko atal sindikalak salatu du zuzendaritzak Gurutzetako ospitaleko Otorrino eta Plastika zerbitzuak lekuz aldetzeko erabakiaren ondorioz behin behineko 26 langile kaleratuko dituztela.

LABek jakinarazi duenez, Otorrino eta Plastika zerbitzuak beste bi zerbitzutan integratuko dira: Plastika zerbitzua Traumatologian ezarriko da, 15 ohe, sei erizain laguntzaile eta zazpi erizain gutxiagorekin, eta Otorrino zerbitzua Kirurgian, 14 ohe, lau erizain laguntzaile eta bnederatzi erizain gutxiagorekin.

Horrela, LABek salatu du aldaketa hauek zerbitzu hauetako lan karga handitzeaz gain, ohe gutxiago izanik, itxaron zerrendak luzatuko dituela, eta, beraz, zerbitzuek kalitatea galduko dutela eta lanpostuak desagerraraziko direla.

"Zoritxarrez, Urdulizko ospitale berria aitzakitzat hartuta, Gurutzetako ospitalean isilpeko 'hustuketan' urrats bat gehiago da zuzendaritzaren mugimendu hau. Gurutzetako ospitalean gero eta ohe gutxiago, pertsonal gutxiago eta zerbitzu gutxiago izango dira, baina erreferentziazko ospitalea izaten jarraituko du. Honek ondorio garbiak izango ditu: larrialdietako pilaketa kronikoak, itxaron zerrenda luzeagoak eta zerbitzu txarragoa", kritikatu du.

Hori guztia kontuan hartuta, LABek ospitaleko zuzendaritzari eskatu dio "atzerapauso bat ematea" eta "benetako negoziazioa" egitea, "denon artean irtenbidea bilatu dezagun osasun publikoa bermatzeko".