Lan Ekintzak "Langintza Bilbon" enpresa-ekimenen lehiaketako 18. edizioa antolatu du

Actualizado: viernes, 18 febrero 2011 12:00

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Lan Ekintza-Bilbao udal sozietateak "Langintza Bilbon" enpresa-ekimenen lehiaketako 18. edizioa deitu du. Pertsonek eta enpresek ekintzailetzaren alde jarduteko duten kezka eta Bilbon autoenpleguaren eta negozio berriak sortzearen aldeko ekimenak aitortzea eta laguntzea dira lehiaketaren helburuak. Lehiaketak, "Zure hiria mugiarazten duten ideiak" goiburuarekin, ekintzaile-kultura eta enpresen sorrera sustatu nahi du, lan-merkaturako eta ekintzaileen lanbide-garapenerako sarbide gisa.

Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 8an amaituko da, 13:30etan. Lehiaketaren 18. edizioan 18.000 euro emango dira saritan. Aurreko edizioko bi kategoriak mantentzen dira: Ekonomia Sozial eta Solidarioko Enpresa Proiekturik Onena eta Enpresa-proiektu Generiko Onena, bakoitza 5.000 euroko sariarekin. Gainera, zortzi akzesit ere emango dira (bakoitza 1.000 eurokoa) proiektu irabazleentzat.

"Aurten ere, lehiaketa hau ekintzaile-kulturari eta enpresen sorkuntzari ematen diogun sostenguaren adierazgarri argi gisa planteatzen dugu, urtez urte horiek baitira gure hiriko aberastasunaren, enpleguaren eta dinamismo sozialaren sorkuntzaren protagonistak", azaldu du Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta Lan Ekintzako presidenteak.

"Langintza Bilbon" enpresa-ekimenen lehiaketa 1994an hasi zen. Orduz geroztik, 17 edizio egin dira eta, guztira, 1.229 proiektu aurkeztu dira, 2.470 sustatzaileren eskutik, hain zuzen ere. Horietatik, 82 ekimen saritu dira, eta 53 proiektutatik, azkenean, enpresa berriak sortu dira, 144 enplegu ekarri dituztenak, guztira. Horrek esan nahi du saritutako ekimenen %64 baino gehiago benetako enpresa bihurtu direla.

"Langintza Bilbon" lehiaketan parte hartu ahal izango dute, banaka edo talde gisa, enpresa bat sortzeko proiektu bat duten pertsona fisiko nahiz juridikoek, betiere, enpresa hori Bilbon jartzen bada. Enpresa gisa 2010eko maiatzaren 1aren ondoren legez eratutakoak (EJZn alta emanda egotea da horretarako irizpidea) eta enpresa berriak sortzea xede dutenak ere aurkeztu ahal izango dira.

Baldintza guztiak betetzen dituzten proiektu parte-hartzaile guztiek eskuratu ahal izango dituzte Lan Ekintza-Bilbaok Bilbon enpleguak sor ditzaketen enpresa-ekimen berriei eskaintzen dizkien enpresak sortzeko eta sendotzeko laguntzak. Sustatzaileek jaso ahal izango dituzten laguntza garrantzitsuenak arlo hauetakoak izango dira: enpresarien prestakuntza eta aholkularitza, udal-sozietateko enpresa-zentroetan sartzeko aukera, enpresa-proiektuak garatzeko eta negozioak finkatzeko laguntza, sortuta daudenean.

Lehiaketarako eskaerak Lan Ekintza-Bilbaok emango duen ereduaren arabera aurkeztu behar dira. Proiektuak pertsonalki eman behar dira Lan Ekintza-Bilbaoren Enpresa Sustapeneko Zerbitzuan, eta ezin izango dira inongo bitarteko elektronikoren bidez eman.