BILBO 20 May. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 241 lan-erregulazioko espediente baimendu zituen joan den apirilean, hau da, martxoan baino %7 gutxiago. Zehazki, etendura espedienteak 145 izan ziren, lan jardunaldia murriztekoak 84 eta iraungitze espedienteak 12.
Espediente guztietatik 142 aurreko espedienteren baten jarraipena izan ziren, eta, orotara, 2.178 langileri eragin zieten (%77). Apirilean guztira 2.844 langilek jasan zuten lan-erregulazio espedienteren bat, martxoan baino %1 gehiago eta iazko apirilean baino %7 gehiago.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, iraungitze espedienteek eragindako langileak 93 izan ziren apirilean, hots, martxoan baino %126 gehiago eta 2012ko apirilean baino %5 gutxiago. Sektoreka, lan-erregulazioko espedienteen kopurua bere horretan mantendu zen Nekazaritzan eta Eraikuntzan, jaitsi egin zen Industrian eta pixka bat igo Zerbitzuetan. Akordio portzentajeak, berriz, altua izaten jarraitu zuen, %92 ingurukoa.
Lan-erregulazioko espedienteak arrazoitzeko kausen artean, eskariaren eta ekoizpenaren murrizketa izan zen oraindik ere nagusia. Hori bai, bai bata bai bestea kausa ekonomiko eta finantzarioekin estuki lotuta daudenez, kasu askotan zaila izaten da bataren eta bestearen benetako pisua zehaztea.
Bestalde, lan-erregulazioko espedienteen eragin handiena jasan duten eskualdeak, Arabako Lautada, Bilbo Handia eta Donostialdea izan dira. Azkenik, une honetan indarrean dauden espedienteak 1.831 dira guztira eta eragildako langileak 22.844 dira. Espediente horietatik 954 (%52) aurreko baten jarraipena dira.