Lan Ikuskaritzak enpresetan aurkitutako arau hausteen heren bat segurtasun baldintzei eta makinen egokitzapenari dagokie

Actualizado: viernes, 7 febrero 2014 15:06
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak 8.753 jarduera egin zituen 2013an enpresetako osasun eta segurtasun arloan, zerbitzu eta eginkizun horiek Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) eskualdatu dizkiotenetik bigarren urtean. Ikuskatzaileen lanak 338 arau hauste azaleratu zituen, eta horietatik heren batek (108) segurtasun baldintzen, makinen eta lan ekipoen gabeziekin izan zuen zerikusia.

   Ikuskaritzak hainbat irregulartasun ere hauteman zituen arrisku ebaluazioan, prestakuntzan eta langileei emandako informazioan eta kanpoko prebentzio zerbitzuetan, nagusiki. Horren guztiaren ondorioz, lan agintaritzak, hau da, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 1,66 milioi euroko zehapenak jarri zizkien enpresei.

   Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, "2012ko urtarrilean Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Euskadiri eskualdatzeak kudeatzeko eta antolatzeko gaitasun handia eman dio, eta, horri esker, gure langileen eta enpresen zerbitzura dagoen ikuskapen zerbitzu eredu bat ezarri ahal izan da".

   Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politiketako Sailaren egituran bertan dago, eta horri esker, Ikuskaritzak errazago jo dezake Osalan, Lanbide eta Lan Agintaritza erakundeen datu base eta aplikazioetara, besteak beste, eta horrek lana errazten dio. Halaber, erakundeen arteko lantaldeak sortzeak hobekuntza operatibo bat ere ekarri du, ikuskatzeko lana eraginkorragoa izatea eraginez.

   Ikuskaritza enpleguaren kalitatea babesteko zerbitzu publiko bat da, eta hainbat jarduera egiten ditu iruzurrari, desberdintasunei edo istripu tasari aurre egiteko. Bere lana ez da mugatzen langileen osasun eta segurtasun baldintzak kontrolatzera, ordea, eta bi arlo gehiagotan ere egiten du lan: lan harremanetan eta gizarte segurantzan (Estatuaren eskumena da azken hori).

   Ikuskaritzako langileek 25.083 zerbitzu agindu gauzatu dituzte guztira (45.497 jarduera), eta kasuak banaka aztertu ondoren, 1.982 arau hauste akta egin dira, 8,22 milioi euroko zenbatekoarekin. Agindu guztietatik, 11.775 hainbat erakunderen salaketa edo eskaeren ondorio
izan dira, eta 13.263 Ikuskaritzak berak lan baldintzak kontrolatzeko urtero egiten dituen kanpainen barruan aurreikusitako jardueren ondorio.

   Lurraldearen eta eskualdatutako arloen arabera, 4.392 zerbitzu agindu izapidetu dira Araban; horietatik 380 laneko segurtasun eta osasunari buruzkoak izan dira, eta 1.362 lan harremanei buruzkoak. Arau hausteak 337 izan dira guztira, 1,12 milioi euroko zenbatekoarekin.

   Bizkaian 12.222 zerbitzu agindu izapidetu dira guztira; horietatik 1.391 laneko segurtasun eta osasunari buruzkoak izan dira, eta 2.338 lan harremanei buruzkoak. Arau hausteak 1.178 izan dira orotara, 5,16 milioi euroko zenbatekoarekin.

   Azkenik, Gipuzkoan 8.424 zerbitzu agindu izapidetu dira, 1.080 laneko segurtasun eta osasunari buruzkoak, eta 1.648 lan harremanei buruzkoak. Arau hausteak 466 izan dira orotara, 1,94 milioi euroko
zenbatekoarekin.

LAN HARREMANAK

   Bestalde, Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak, lan-harremanen arloan, 5.348 zerbitzu agindu gauzatu ditu; horietatik 5.172 salaketen eta lan agintaritzak eskatutako txostenen ondorio izan dira, eta bere ekimenez egin ditu 276 aurreikusitako jardueren barruan.

   Arlo horretan egon da salaketa zein lan agintaritzaren txosten-eskaera gehien Enplegu Erregulazioko Espedienteen (EEE) ondorioz.
5.348 zerbitzu agindu horiek izapidetzeko 6.807 jarduera egin dira, bai eta 5.225 lan kontratu berrikusi ere; azken horietatik 164, ikuskatzaileen esku hartzeari esker, mugagabe egin behar izan dituzte.

   Arlo horretan egindako 188 arau hausteen ondorioz 1,01 milioi euroko zehapenak ezarri dira. Arau hauste guztietatik, 41 ordutegiak eta aparteko orduak ez betetzearekin lotuta egon dira, 18 grebarako eskubidearekin, 15 aparteko orduekin eta 19 lansari eta kitapenekin.

   Euskadiko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak, Osalan erakundearekin batera, segurtasun eta osasun arloan orain arte
egindako ahaleginari eutsi nahi dio aurten, ETEetan bereziki. Soldaten ordainketei, horiek ordaintzeko atzerapenei, hitzarmen kolektiboan
araututakoak baino zenbateko txikiagoak ordaintzeari edo soldatak ez
ordaintzeari buruzko salaketei arreta berezia jarriko zaie, orobat.