Lan istripuak %8 jaitsi ziren 2011n EAEn

Lan istripuek behera egin zuten iaz
Foto: Europa Press
Actualizado: viernes, 24 febrero 2012 14:34

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Lan istripuak %8,24 jaitsi ziren 2011. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira, 81.149 lan istripu izan ziren, eta horietatik 30.628k baja eragin zuten, 2010ean 34.109 izan ziren bitartean. Horrek esan nahi du, beraz, baja eragin zuen ezbeharren tasa %10,21 jaitsi zela, Osalanek emandako datuen arabera.

   Baja eragin zuten istripuen murrizketak sektore ekonomiko guztiei eragin zien, baina intentsitate desberdinarekin. Horrela, jaitsiera handiena eraikuntzan izan zen, %24,11rekin, eta ondoren industrian, %7,99ko jaitsierarekin, zerbitzuetan, %7,18koarekin eta lehen mailako sektorean (nekazaritza, meatzaritza eta arrantza), %0,30ekoarekin.

   Heriotza eragin zuten istripuei dagokienez, 61 langile hil ziren iaz laneko ezbeharra izan ondoren. Heriotza guztiak kontuan hartuta, 30 kausa traumatikoengatik izan ziren, eta 11 heriotza in itinere izan ziren, hau da, langilea etxetik lantokira zihoala gertatu ziren. Gainerako 31k kausa naturalengatik izan ziren (esaterako, bihotzekoa lantokian).

   Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 2011ko laneko ezbehar-tasari buruz egin duen azterketaren arabera, eraikuntzaren alorrean istripu-tasari eutsi izana (1.400 ezbehar gutxiago izan ziren) berri hoberenetako bat izan zen tradizionalki gertakariek markatuta egon den sektorearentzat. Arriskuak prebenitzeko politikak sektorean izaten ari diren eragin positiboa agerian uzten du datu horrek.

   Aurreko urteetan ez bezala, EAEko hiru lurraldeak ia berdin hartu ditu eraginpean ezbehar-tasaren jaitsierak. Araban 6.298 istripu izan ziren, eta 2010ean, aldiz 7.277, beraz, %13,45 jaitsi zen; Bizkaian % 10,23 jaitsi zen (lanaldian baja eragin zuten 17.366 istripu, eta 2010ean, aldiz, 19.345 41); azkenik Gipuzkoa dago, %9,93ko jaitsierarekin (10.348 istripu, eta 2010ean, aldiz, 11.489).

   Bestalde, AENOR erakundearekin hitzarmen bat berriki sinatu izanaren ondorioz, erakunde horren -hots, Normalizazioko eta Ziurtapeneko Espainiako Elkartearen- laneko arriskuen prebentzioari buruzko arau teknikoen katalogo zabalerako doako sarbide zuzena izango dute Osalaneko web-orriaren erabiltzaileek.

   Espainian arau teknikoak garatu eta zabaltzearen legezko ardura duen erakundea da AENOR, 1986an normalizazio- eta ziurtapen-lanak garatzeko onarturiko erakunde bakartzat aitortu zutenetik, eta 1995ean Industria Kalitate eta Segurtasunerako Azpiegitura Erregelamenduak berretsi zuen aitormen hori.

   Herritarrentzako kalitate- eta segurtasun-maila egokiak bermatu nahi dituzte arauek, ingurumena zaintzen lagundu, sanitatea hobetu edo enpresen maila teknologikoa eta lehiakortasuna gehitu.