Lanbide Heziketako 100 ikasle urtebetez ETE industrialetan kontratatzea sustatuko dute Hetelek eta la Caixak

La Caixako (ezkerrean) eta Heteleko ordezkariak
Foto: LA CAIXA/HETEL
Actualizado: lunes, 18 mayo 2015 13:27

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Lanbide Heziketako (LH) ikasleentzat -batez ere erdi mailako zikloetako emakumeentzat- 50 langiletik beherako Euskadiko industria alorreko ETEetan urtebeterako 100 lan kontratu lortzea da Hetel Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak eta la Caixaren Gizarte Ekintzak sinatu duten hitzarmenaren helburu nagusia.

   Gaur egun euskal ekonomiaren esparru estrategikotzat jotzen dena indartzea -Euskadiko enpresen %95ek 50 langile baino gutxiago ditu- eta industria sektorea sendotzea dira hitzarmenaren erronka nagusiak. Gainera, erdi mailako prestakuntza zikloetako emakumeen kontratazioa lehenetsi nahi da, kalitateko lanpostua aurkitzeko zailtasun handiena duten kolektiboetako bat baita.

   Julen Elgeta Heteleko lehendakariak eta Begoña Ortuzarrek, la Caixaren Gizarte Ekintzaren izenean, Lanbide Heziketa Duala (ikasgelako prestakuntza eta enpresetako lana txandakatzen dituena) bultzatzeko asmoa duen hitzarmena sinatu dute.

   Ekainetik aurrera, LHko zikloko bigarren mailako ikasleek lana eta ikasketak txandatzeko LH Dualeko hurrengo promozioa jarriko da abian, baina oraingoan, lehenengoz, bekarekin eta lan kontratuarekin egiteko aukerarekin. Ekimen horren bidez, Hetelek eta la Caixak urtebeteko kontratuaren modalitatearen aldeko apustua egin dute, LH Duala are kalitate handiagoz hornitu ahal izateko.

   Zehazki, la Caixak 112.000 euroko inbertsioa egingo du ekimen horretan eta, horri esker, besteak beste, LHko gazte tituludunen laneratzea bultzatuko da. Izan ere, industria alorreko enpresa txikiek errazago kontratatu ahal izango dituzte gazteok, kontratu bakoitzeko 600 euroko laguntza jasoko baitute (60.000 euro guztira). Zenbateko hori enpresek Eusko Jaurlaritzaren aldetik gaur egun kontratu bakoitzeko jasotzen duten 2.000 euroko diru laguntzari gehituko zaio.

   Alabaina, industria eta enpresa txikien kolektiboa kontuan hartuta (krisiak gogor kolpatu duen sektorea, alegia), 600 euroko laguntza hori pizgarri osagarria izango da, kontratazioa erakarriko duen azken bultzada.

   Julen Elgetak azaldu duenez, "enpresa txikiek arriskuak hartu eta lehiakortasun osagarria ekarriko dieten gazte prestatuak kontratatu ahal izateko laguntza behar dute". Halaber, Ortuzarrek azpimarratu duenez, "la Caixaren Gizarte Ekintzak gazteentzako enplegua sortzeko ahalegin handia egiten dihardu eta, aldi berean, euskal industria ehunarekin elkarlanean aritzen da, gure ekonomia suspertzeko funtsezko esparrua da eta".

   Heteleko 21 ikastetxeetan programan parte hartu nahi duten ikasle eta enpresak bilatuko dira. Ondoren, finantzatutako kontratuak ikastetxeen artean banatuko dira, LH Dualean duten partaidetza erreferentzia hartuta. Ikastetxe bakoitzak erabakiko du zein ETEri eskainiko dion programa, betiere horretarako eskakizunak eta baldintzak betetzen badituzte.

BESTE JARDUERA BATZUK

   Hitzarmena laneratzeaz haratago doa eta, astelehen honetan gauzatu den sinaduraren bidez, la Caixaren Gizarte Ekintzak Hetelen beste hainbat jardueratan ere lagunduko du Lanbide Heziketa sustatzeko, gazteen enplagagarritasuna handitzeko, haien laneratzea bultzatzeko, enpresen lehiakortasuna areagotzeko, ekintzailetza kultura sendotzeko eta LHko berrikuntza teknologikoa indartzeko.

   Horrez gain, la Caixak gaur egungo Eramus+ beketan ere lagunduko du, Europako beste herrialde batzuetan praktikak egiten dituzten LHko ikasleen familiek gutxiago ordain dezaten, kasu askotan aukera horri uko egin behar izaten baitiote, kostu ekonomikoa dela eta.

   Ikasleen esperientzia profesional horrek balio erantsia dakarkie curriculumean, gerora enpresetan laneratzea egokitzen zaienean. Zehazki, la Caixak 350 euroko laguntza osagarria emango dio Erasmus+ programako beka bakoitzari.