Lanbidek egiturazko 918 langile izango ditu

Actualizado: martes, 8 septiembre 2015 15:06

GASTEIZ, 8 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Lanbide Enpleguaren Euskal Zerbitzua erakunde autonomoaren lanpostu zerrenda (LPZ) onartu du astearte honetan, eta horrela, 814 lanpostu izatetik 918 izatera pasatu da, hau da, 104 gehiago (%12,77 gehiago).

   Gainera, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, LPZk berrantolatu egiten du Lanbideren egitura, erakunde autonomoa modernizatzeko, haren jasangarritasuna bermatzeko eta euskal herritarrek enpleguaren eta prestakuntzaren arloan dauzkaten premiei erantzuteko.

   Modu honetan, hemendik aurrera bost maila profesional izango dira: erantzukizun lanpostuak; teknikariak; administrariak; laguntzaile orokorrak; eta mendeko langileak. LPZ berria urriaren 1ean jarriko da indarrean.

   Onartutako dekretuak lansari mailak ere zehaztu ditu, EAEko Administrazio publikoan indarrean daudenetara egokituta. Gainera, atzeraeragin aldi bat ezarri du (2011ko urtarrilaren 1era), LPZren aldaketaren ondorioz soldata igoera dutenek atzerapenak eskatu ahal izan ditzaten. Langilearen saldoa negatiboa den kasuetan ez da inolako zenbatekorik erreklamatuko.

   Erkorekak iragarri du Eusko Jaurlaritzak dokumentu berri bat bidali die sindikatuei, non handitu daitekeen ordainsari osagarri bat zehazteko konpromisoa jasotzen duen, gaur egun Lanbiden ari den pertsona ororen soldata maila mantendu ahal izateko. Lanbidek hurrengo mahai sektorialean aztertuko du zirriborro hori, irail honetan, eta, akordio sindikala egonez gero, erabakiak 215 pertsona ingururengan izango du eragina.

   Zirriborroak, gainera, gaur egun Lanbiden ari direnen enplegua mantentzeko proposamen bat jasotzen du, baita lan kontratudun finkoak funtzionario bilakatzeko ere. "Proposamen zehatz bat lan kontratudun finkoek eta sententziaren bitartez lan kontratudun mugagabeek enplegua mantentzeko eta Lanbiden lan egin duten urteetan jasotako ezagutza aprobetxatzeko", azaldu du.

   Lanbide Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egiturara egokituta, amaitutzat ematen da 2010ean enplegu politika aktiboen arloan hasitako transferentzia-prozesua; hain zuzen ere, orduan jarri zituen Espainiako Gobernuak Euskadiren esku material baliabideak, karrerako funtzionarioak eta momentura arte Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan lan egiten zuten langile lan kontratudunak.