Lanbidek 8,2 milioi euro banatuko ditu enpresen artean, gazteak kontratatzen laguntzeko lau ildoren bidez

Lanbide
Europa Press - Archivo
Actualizado: lunes, 18 junio 2018 10:45

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Lanbide euskal enplegu zerbitzuak 8,2 milioi euro bideratuko ditu euskal enpresetan talentu berria sartzeko sustatzera, gazte langabeak kontratatzea sustatzeko lau ildoren bidez: "Lehen Aukera", "Gazte Itzulera", "Txanda kontratua" eta "Atzerrian zentroak dituzten euskal enpresen kontratazioa".

Horrela, 20 langile baino gehiagoko 4.700 euskal enpresa inguruk informazio liburuxka bat jasoko dute datozen egunetan, lau laguntza programa horien ezaugarri nagusiak aurkezteko. Lanbidek ezaugarri horiek idaztean "oso kontuan" izan ditu enpresen egungo eskaerak.

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiaren gutuna erantsi zaio eta liburuxkari. Gutunean, euskal enpresaburuak animatzen ditu Jaurlaritzak eta Europako Gizarte Funtsak batera eskaintzen dituzten laguntza ekonomikoei heltzera. "Lanbideren laguntzak aukera bat dira, gure enpresaburuak pertsona nahiko kualitikatuak, digitalki eskudunak eta, kasu askotan, nazioarteko merkataritza ezagutzak dituztenak kontratatzera animatzeko", dio.

Datozen egunotan komunikabide, sare sozial eta Lanbideren web orrian (www.lanbide.euskadi.eus) "Zure enpresan talentu berria sartzeko unea da" lelopean egingo den zabalkunde kanpainaren parte dira liburuxka eta gutuna.

Laguntza programa bakoitzari dagokionez, Lehen Aukera programak lau milioi euroko zuzkidura du, eta helburua da lehen lan esperientzia ematea 30 urtetik beherako gazteei. "Lanbidek laguntzak eskaintzen dizkie enpresei enplegu sorrera garbia dakarten kontratu mugagabeak sinatzeagatik, baita sei eta hamabi hilabete bitarteko praktika kontratuak sinatzeagatik ere", esan du Belandiak.

Kontratu mugagabeak egiteagatik, diru laguntza 9.900 eurokoa izan daiteke, eta praktika kontratuak egiteagatik, 7.920 euro artekoa. Halaber, urteko gutxieneko ordainsari gordina 11.200 eta 18.000 euro bitartekoa da langilearentzat, titulazioaren arabera.

Bestalde, Gazteen Itzulera programak kalitateko enplegua sustatu nahi du, eta aukera ematen du beste herrialde edo autonomia erkidego batean lanean ari diren 35 urtetik beherakoak Euskadira itzultzeko. Horrela, programaren laguntza ildoa bikoitza da: alde batetik, 35 urtetik
beherakoak diren eta kanpoan gutxienez 12 hilabete lanean daramatzaten
euskal hiritarrak kontratatzen dituzten euskal enpresek diru laguntza jasoko dute, soldataren zati bat ordaintzeko (12.000 euro, kontratua mugagabea bada); bestetik, kontratatutako gazteek laguntza bat jaso ahalko dute, joan-etorrien gastuak ordaintzeko. Programaren aurrekontua, guztira, 1,77 milioi eurokoa da.

TXANDA KONTRATUA

Gainera, Lanbidek enplegua sustatzeko beste ekimen bat iragarri du: Txanda kontratua. Mota horretako kontratuak egiteko milioi bat euroko laguntza ildoa gaitu da. Helburua da erretiro partziala hartzen duen langilea 30 urtetik beherako beste batek ordezkatzea, lanaldi osoan, hasieratik mugagabe edo txandakatutako pertsonak erretiroa hartzean mugagabe egiteko konpromisoarekin. Modalitate horretarako laguntzak 6.000 eurokoak dira, kontratatutako pertsona bakoitzeko.

Azkenik, Lanbidek milioi bat eurorekin bultzatuko du atzerrian lan zentroak dituzten euskal enpresek 35 urtetik beherako langabeak praktiketan kontratatzea. Praktiketako kontratua, gutxienez, 12 hilabetez egingo da, horietako sei kanpoan, eta diru-laguntza 11.800 eta 13.000 euro bitartekoa izango da, kontratatutako pertsonen titulazioaren arabera.

Aurreko programaren aldagai batek 400.000 euroko zuzkidura du, eta atzerrian lan zentroak dituzten euskal enpresek 35 urtetik gorakoak kontratatzea bultzatzen du. Kasu horretan, gutxienez 12 hilabeteko lan esperientzia duten pertsonen kontratazioak dira, 12 hilabete horietako sei kanpoan ere. Diru laguntzaren zenbatekoa aldatu egiten da, adinaren arabera: 20.250 euro, kontratatuak 35 eta 49 urte bitartean baditu, eta 22.500 euro, 50 urte baino gehiago baditu.