Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko 34.000 kontsulta erantzun ditu

DBEren kudeaketa osoaren lehen balatzea egin du Lanbidek
Foto: Europa Press
Actualizado: lunes, 23 enero 2012 13:13

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) kudeaketa osoaren balantzea egin du Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuak, eta, bulego-sarean pertsonalki eta Lanbitel telefono bidezko zerbitzuaren bitartez, 34.000 kontsultari erantzuna eman die jada.

   Lanbideko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, astean 10.000 kontsultari erantzun die zerbitzuak, batez beste, eta egunean, batez besteko hori 2.000 kontsultatik gorakoa izan da. Euskadin 56.000 pertsona inguruk jasotzen dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, eta horietatik herena pentsiodunak dira.

   Lanbideko langileek, batez beste, 1.617 pertsona artatzen dituzte 39 bulegok osatzen duten sarean DBEren inguruko izapideak egiteko (informazio-eskaerak, aldez aurreko hitzordu-eskaerak, hitzartutako hitzorduak, agiriak aurkeztea).

   Telefono bidezko Lanbitel zerbitzura egindako deiei dagokienez, DBEren kudeaketa osoa egin den lehenengo hilabetean Lanbideren dei-guneak 1.043 dei inguru jaso ditu egunero DBEri buruz. Deietan maizen egin diren galderak kudeatzailearen aldaketari buruzko informazio orokorra eskatzeko, bulegoan hitzordua eskatzeko eta prestazioaren egoera ezagutzeko izan dira.

   DBEri buruzko deiak Lanbitel zerbitzuan jaso direnen %29 izan dira aurtengo urtarrilean, eta joan den ostegunera arte, urtarrilaren 19ra arte, Lanbitelek 13.560 dei jaso ditu DBEren inguruan.

   Bestalde, urtarrilaren 20ra arte, 22.500 hitzordu eman zitzaien herritarrei DBEren inguruko izapideak egiteko. Lurraldeka, %18 arabarrak izan ziren, %24 gipuzkoarrak eta %59 bizkaitarrak. Batez beste, hartzaile batek aldez aurreko hitzordua izateko itxaronaldia 17 egunekoa da, baina batez besteko epe hori ez da berdina bulego guztietan.

   Portzentajeei erreparatuz, %45ek 15 egun baino lehenago jasotzen du hitzordua, %50ek 15 eta 21 egun bitarteko epean, eta %5ek 21 egun baino gehiago itxaron behar dute. Azken atal horretan, kasu askotan, hartzaileak berak hala eskatu duelako gertatu da hori.

   Arreta-denborari dagokionez, Lanbideko langileek ia 30 minutu igarotzen dute, batez beste, hartzaile bakoitzarekin. Denbora hori aldakorra da, erabiltzailearen eta bulegoaren arabera.

   Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriaren (EGPO) ordainketa bateratu egingo ditu, bi laguntza horien kudeaketa osoa bere gain hartu ondoren. EAEko hiru lurraldeetan ordainketa hilaren amaieran egingo da. Urtarrileko ordainketa urtarrilaren 30ean izango da, eta 32 milioi euro inguruko gastua aurreikusten da. Lurraldeei erreparatuz, %67 Bizkaian kobratuko dira, %18 Gipuzkoan eta %15 Araban.

   Azkenik, hartzaileei bidalitako gutunetatik, posta zerbitzuak 2.000 bueltatu ditu, helbidea ezezaguna zelako. Lanbidek kasuak banan-banan ikertzeari ekin dio, pertsona horien benetako egoera zein den zehazteko.