BILBO 21 May. (EUROPA PRESS) -
Lanbidek 29 gazte aukeratzeko prozesua hasi du gaur Gasteizen. Hautatutako gazteak Alemaniako Saxonia Beherea eta Bremen estatuetan ikasi eta bertako enpresetan praktikak egingo dituzte, prestakuntza eta praktikak uztartzen dituen hiru urteko programaren barruan.
Martxoan, Lanbidek deialdiaren inguruko informazio-saioak antolatu zituen, eta gaur hasitako hautaketa-prozesua horien jarraipena da. Saiootan, Alemaniako Enplegu Zerbitzuak (ZAV) lehen hautaketa egin zuen, eta deialdiaren ezarritako baldintzak betetzen zituzten 46 pertsonen artean, 38 aukeratu zituen.
Hauexek dira prestakuntza eta praktikaldiaren xede diren lanpostuak: maitrea, sukaldaria, ingeniaritza mekatronikoko teknikaria, teknologia energetikoan espezializatutako argiketaria eta eraikinetako argiketaria, eraikuntza mekanikaria eta adinekoen zaintzailea.
Oro har, prestakuntza praktikoa astean hiruzpalau egunetan izango da, eta gainerakoak prestakuntza teorikoari eskainiko zaizkio. Zikloaren amaieran, ikasleek espezialitatearen inguruko azterketa bat gainditu beharko dute Alemaniako lanbide-heziketako titulua eskuratzeko. Horrez gain, programak aldez aurreko alemaneko ikastaro bat ere hartzen du baitan.
Hautaketak bihar jarraituko du Bilbon, eta ostegunean Donostian amaitu. Lanbideren eta Alemaniako Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetza hurrengo hilabeteotan zehar luzatuko da, eta antzeko proiektuak garatuko dituzte.
Bestalde, Europako enplegu-zerbitzuekiko lankidetzaren barruan, Lanbidek estatu mailako hautaketa-prozesu bat burutuko du Danimarkako Workindenmark (Danimarkako Eures sarea) atariarekin batera. Maiatzaren
27an izango da, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Paraninfoan, eta bertan Danimarkako hainbat enpresatan 100 lanpostu betetzeko langileak aukeratuko dituzte. Guztira 25 profil baino gehiago behar dituzte, hala nola ingeniariak, salmentaburuak, finantza-espezialistak edo osasun- eta segurtasun-espezialistak.