Lanbidek kontratazioa laguntzeko lau programa abian ditu, enpresen beharretara egokituak

Lanbide
Europa Press
Actualizado 2017/09/14 13:06:09 CET

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak gutun bana bidali die aste honetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 20 langiletik gora dituzten 4.700 bat enpresari. Gutunak "adorea" ematen die enpresen arduradunei talentu berriak kontrata ditzaten, gehienbat gazteak, uda honetan onartutako lau laguntza programaren bidez: "Lehen Aukera", txanda kontratua eta atzerrian lantokiak dituzten enpresentzako bi kontratazio programa.

Aurrekoez gainera, EAEko gainerako enpresek ere jaso ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatuta eskaintzen dituen diru laguntzak.

Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, laguntzen bidez 6,41 milioi euro banatuko dira, "eta, zalantzarik gabe, pizgarri bat dira gazteen kontratazioa bultzatzeko". Hala ere, sailburuak ziurtatu du zenbatekoa bezain garrantzitsua dela "programa horiek enpresen egungo eskakizunetara egokitzen direla". "Enpresen beharretara hobekien moldatzen diren profil profesionalak igortzen saiatzen gara", gaineratu du.

Horrela, "Lehen Aukera" programak lau milioi euroko zuzkidura du, eta 30 urtetik beherako gazteei lehen lan esperientziaa eskaintzea da helburua. Lanbidek enpresei laguntzak eskaintzen dizkie enplegu garbia sortzea dakarten kontratu mugagabeak sinatzeagatik, baita 6 eta 12 hilabete arteko iraupeneko praktiketako kontratuak sinatzeagatik ere.

Lehenengo modalitatean, diru laguntza 8.360 euro artekoa izan daiteke, eta bigarren modalitatean, berriz, 4.950 euro artekoa. Bestalde, langilearentzako urteko gutxieneko ordainsariak 11.200 eta 18.000 euro artekoa izan behar du, haren titulazioaren arabera.

ATZERRIAN

Beste laguntza programa batek milioi bat euroko laguntza ematen du atzerrian lantokiak dituzten EAEko enpresek 35 urtetik beherako langabeak praktiketan kontratatzeagatik. Praktiketako kontratuak gutxienez 12 hilabete iraungo ditu (horietatik 6 kanpoan), eta diru laguntzaren zenbatekoa 11.800 eta 13.100 euro artekoa izango da, kontratatutako pertsonaren titulazioa kontuan izanda.

Aurreko programaren aldaera batek 400.000 euroko zuzkidura du atzerrian lantokiak dituzten EAEko enpresek 35 urtetik gorako langabeak kontratatzeko. Kasu horretan, langabezian dauden lan esperientziadunak dira helburu, eta kontratuak gutxienez 12 hilabeteko iraupena izan behar du (horietatik 6 kanpoan). Diru laguntzaren zenbatekoa aldatu egiten da adinaren arabera: 22.250 euro, kontratatutako pertsona 35 eta 49 urte artekoa bada, eta 22.500 euro, 50 urtetik gorakoa bada.

Enpresei bidalitako idatzian, Lanbidek beste neurri bat sustatu du enplegua bultzatzeko: txanda kontratua. Kontratu modalitate horretarako milioi bat euroko laguntzak gaitu dira, eta helburua da erretiro partziala hartzen duen langilearen ordez lanaldi osoz kontratatutako 30 urtetik beherako bat kontratatzea. Kontratu horrek mugagabea izan behar du hasieratik, edota txandakatutako pertsonak erretiroa hartzen duenean berori mugagabe bihurtzeko konpromisoa hartu behar da. Modalitate horretako laguntzen zenbatekoa 6.000 euro da kontratatutako pertsonako.

NO a la violencia contra las mujeres
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para analizar su navegación y ofrecerle un servicio más personalizado y publicidad acorde a sus intereses. Continuar navegando implica la aceptación de nuestra política de cookies -
Uso de cookies