Lanbidek langabeari lagunduko diola eta "lan duin baterantz" eramango duela dio Jaurlaritzak

Actualizado: lunes, 10 enero 2011 14:43

DONOSTIA, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Lanbide Enpleguaren Euskal Zerbitzuaren bulego berria bisitatu du gaur Zumarragan (Gipuzkoa), eta Lanbidek langabeari lagundu eta hura prestatu eta "lan duin baterantz" orientatu eta eraginkortasunez bideratuko duela nabarmendu du.

Instalaziora egin duen bisitan, Lanbidek eskainiko duen eredu berria azaltzeko baliatu du aukera sailburuak, hau da, laneratze aktiboa errazteko tresna izango dela azaltzeko, baita pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta enpresen lehiakortasunari laguntza emateko ere, hobeto prestaturiko giza kapitala izango duelako, eta enplegua eskatzen dutenen eta eskaintzen dutenen artean bitartekotzara zuzendurikoa betiere.

785 milioi euroko aurrekontua duen Enpleguaren Euskal Zerbitzuak Europaren ispiluan begiratzen dio bere buruari zerbitzua eraginkor egingo duten elementu positiboak eta jardunbide egokiak gaineratzeko. "Orain arte enpresek ia ez zuten bitartekotza-lanik egiten kolokazioetan, eta aurrerantzean, aldiz, Lanbidek buelta eman nahi dio egoera horri, eta Zerbitzu Publikoak langabeari lagundu eta hura prestatu eta orientatu egingo du, lan duin baterantz eraginkortasunez bideratuta", Zabaletak azpimarratu duenez.

Gakoetako bat langabeari emango zaion laguntza pertsonalizatua izango da. "Lanik gabe dauden pertsonak -Zabaletak adierazi duenez-, ez dira estatistiketan bildu beharreko zenbaki bat izango. Harreman indibidualizatua izango dute Enplegu Zerbitzuarekin eta jarraipen- eta laguntza-harremana etengabea izango da".

Enpresak ere, enplegua sortzeko oinarri diren heinean, zerbitzuaren funtsezko bezerotzat hartuko dira kontuan. Harremanak arintzea da helburua, balio-terminoetan lehengoratzea bermatzen ez duten izapideak ezabatuta.

"Lanbidek ez du enplegurik sortzen. Hori gure produkzio-sareari dagokio, baina erreminta-kutxa bat jarriko dugu langabeen eskura haien enplegagarritasuna hobetzeko. Administrazioak jarriko ditu tresnak baina herritar bakoitza izango da bere egoeraren erantzukide, bere egoera hobetu beharko baitu, zerbait egin beharko baitu bere alde eta bere komunitatearen alde", esan du.

Zabaletaren arabera, Lanbide "ezinbesteko erreminta izango da tunelaren amaieran argia ikusteko". "Lana behar eta bilatzen duten pertsonak eta langileak behar dituzten enpresak uztartzea eta modu eraginkorrean elkartzea lortu behar dugu", gaineratu du.