Lanbideren orientazio zerbitzua EAEko 73.500 herritar artatu ditu urtarrilaren 1etik

Lanbidek ia 73.500 herritar artatu ditu urte hasieratik
Europa Press
Actualizado: jueves, 17 noviembre 2011 15:14

BILBO, 17 Nov. (EUROPA PRESS) -

Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuko orientazio zerbitzuak Euskal Autronomia Erkidegoko (EAE) 73.848 herritarri eman die aholkularitza urtarrilaren 1etik. Erreminta horren bidez, bere enplegagarritasun-profilaren diagnostikoa jasotzen du enplegu-eskatzaileak eta lan merkatura itzultzen saiatzeko jarraitu beharreko urratsak ezartzen zaizkio.

"Arlo hori funtsezkoa da langabeek lana aurkitzeko beren aukerak gehitu ditzaten, eta lana izan eta lan hori hobetu nahi dutenek aholkularitza profesionala lor dezaten", azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.

Lurraldeen arabera, 38.700 lagunek jaso dute aholkularitza pertsonalizatua Bizkaian, hau da, guztizkoaren %52,40; Gipuzkoa du atzetik, artaturiko 25.078 erabiltzailerekin (%33,95); Araban 10.070 herritarrek (%13,65) jaso dute orientatzaile profesional baten aholkularitza Lanbideren bulego eta zentro laguntzaileen sarean.

Adinaren arabera, 30 urtetik beherako 12.258 bizkaitarrek enplegagarritasun-ibilbide bat daukate jada; Gipuzkoan 7.319 dira, eta Araban 3.465. "Orientazioak izan behar du betiere Lanbideren bizkarrezurra. Hau da, bereziki langabeei laguntza eta aholku emateaz arduratu behar dugu, enplegua bilatzeko bidean", adierazi du Zabaletak.

Gaur egun, 300 orientatzaile profesional inguru ditu Lanbidek, eta arratsaldeko eta goizeko ordutegian artatzen dituzte enplegu-eskatzaileak. Lanbidek, ildo horretan, banako enplegu ibilbide pertsonalizatuaren alde egingo du hori eskatuko dion eskatzaile bakoitzarentzat. Honako hauek bilduko ditu prozesuak: enplegurako eta autoenplegurako orientazio eta informazioko zerbitzuak, lanbide-prestakuntzaren eta enplegagarritasunaren hobekuntza, eta kontaktuak enpresekin, entitateekin eta erakunde publikoekin laneratzea errazteko.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak azpimarratu duenez, "Lanbideren enplegurako orientazioaren bitartez, profesional batek arreta profesionala eskaintzen du, gaitasunak atzemanez eta gaitasun horiek aprobetxatzeko eta hobetzeko beharrezko tresna eskainiz. Orientatzaileak eskatzailearen gaitasunei buruzko diagnostikoa egiten du; jarraian, kontratatua izateko duen gaitasuna hobetzeko tresna egokia eskaintzen dio eskatzaileari, eta, azkenik, lagundu egiten dio laneratzeko ibilbide horretan".

Horrela, enplegurako orientazioa jasoko dutenak honako hauek izango dira: langabeak, langabezia-arriskuan dauden langileak, eta enplegu-hobekuntzako egoeran daudenak. "Argi dago bizitza osorako prestakuntzaren paradigma iraungi dela, eta, horren ordez, bizitza osoan prestatzen jarraitu behar dela. Eta hori berme bat da lan-merkatutik kanpo ez geratzeko", gaineratu du Zabaletak.

Lanbidek hedatutako ereduak "iraganeko berezko orientazio itxia gainditu du", hain zuzen ere, "tresna malguagoen aldeko apustua egiten duelako lana bilatzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko, enplegu-eskatzaile bakoitzaren profilari egokituz". "Zerbitzu pertsonalizatuak, era berean, orientatu beharreko lagunaren partaidetza eta konpromisoa behar du", gogoratu du.