Landa ekonomiaren egoera hobetzeko ekimenak aurkeztu ditu Jaurlaritzak Bruselan

Landa ekonomia hobetzeko neurriak aurkeztu ditu Jaurlaritzak Europan
ULE
Actualizado: miércoles, 10 febrero 2016 13:24

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak landa ekonomiaren egoera hobetzeko ekimenak eraman ditu Bruselan egiten ari den Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkurara. Zehazki, Lakuako Gobernuak sektorearen berrikuntza eta modernizazioari buruzko sei zuzenketa proposatu ditu.

   Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuran parte hartzen ari da egunotan. Bertan, eskualde nahiz hiriek Europako etorkizuneko legeen gainean agertuko duten jarrera eztabaidatuko dute.

   Abagune honetan, Jaurlaritzako ordezkariak sei zuzenketa aurkeztu ditu, Europako araudiak mendiguneei eskainitako aitorpen berezia azpimarratuz, eta, horrela, landa ekonomiaren garapenari eta hartuko diren neurriei heltzeko orduan aintzat hartu behar direla.

   Era berean, arretagunea landa eremuen premia teknologikoen gainean jarri nahi duten ekimenak aurkeztu dira. Ildo horretan, lurralde osoan interneterako sarbide azkar eta eraginkorra izateko, errentagarritasun irizpideei erreparatuko ez dieten irtenbide digitalak har daitezela proposatu dute, landatarra ez baitago abangoardiako berrikuntza eta jarduerarekin lehian.

   Halaber, nekazaritzak landa ekonomia osoan duen garrantzia azpimarratu du Jaurlaritzak, eta landa ingurunera bideratutako funtsak koordinatzea eskatu du, hala nekazaritzarako esleitutakoak nola bestelako jarduera ekonomikoetara, azpiegituretara nahiz zerbitzuetara bideratutakoak, eraginkortasun handiagoa lortzeko.

   Gainera, landa arloko ikerketa zientifikoko programak bereziki mendiguneetara bideratzeko asmoa du Jaurlaritzak, bai eta nekazaritzako familia enpresa txikietara ere, gizarte osoari ekar diezaioketen eragin positiboa dela eta.

   Eskualdeen Lantaldearen osoko bilkuran Europar Batasuneko zenbait ordezkari garrantzitsuk parte hartzen dute, esaterako, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak, Corina Cretu Eskualde Politikako komisarioak, Tibor Navracsics Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kiroleko komisarioak eta Ronald Plasterk Herbeheretako Barne eta Erresumaren Harremanetarako ministroak.