Laneko segurtasunaren Diploos saria jaso du Osalanek, lan-arriskuen prebentzioan duen estrategiagatik

Actualizado: miércoles, 20 abril 2011 15:15

BILBO, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak Diploos sari entzutetsua jaso du 2010eko ekitaldian, laneko arriskuen prebentzioaren alde eta lan-ezbeharren eta lanbideko gaixotasunen aurka duen estrategiagatik. Horrela, Lan Istripuen Prebentziorako Elkarteak urtero ematen duen sari hori jaso duen lehenengo erakunde publikoa izan da Osalan. Erakunde horrek mutualitateen babes-zerbitzu guztiak bateratzen ditu, eta aurreko edizioetan enpresa pribatueri eman die beti saria.

Osalaneko arduradunek adierazi dutenez, jasotako sariarekin aintzat hartu dira 2010ean garatu diren ekintzak. Horrez gain, ontzat ematen da erakundearen ibilbidea, eta bereziki aipatzen da datozen lau urteetarako jarduera-plana: Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Estrategia 2011.

"Sari hori bultzada bat da lan-ezbeharren aurka borrokatzeko eta lanbide-gaixotasunak prebenitzeko egiten dugun lanean. Helburu horiek lortzeko, 200 ekintza zehatz diseinatu ditugu. Plan zehatz horretan gizartea da prebentzioaren osagarri nagusia", azaldu du Pilar Collantes Osalaneko zuzendari nagusiak.

Espainiako autonomia erkidegoetako erakundeekin -besteak beste, arrantzaren sektorean- akordioetara iristeko Osalanek izan duen gaitasuna baloratu du, bai eta amiantoaren inguruko kasuetan izandako sentsibilitatea ere.

Sariaren epaimahaiaren iritziz, Osalanek prebentzioaren arloan ahaztuta zeuden sektoreak hartu ditu kontuan, eta bere konpromiso-maila areagotu du autonomia erkidegoekin, institutuekin eta erakundeekin. Azken finean, "aliantza-politika sustatu du, prebentzioaren alde egiten duen apustua areagotuz", azpimarratu dute.