Lanera Bizikletan ekimena abian da Debagoienan, eredu osasungarria eta iraunkorra sustatzeko asmoz

Diputazioko eta udaletako ordezkariak
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 15 octubre 2014 12:17

DONOSTIA, 15 Oct. (EUROPA PRESS) -

Lanera Bizikletan sentsibilizazio ekimena abiaraziko dute elkarrekin Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aretxabaleta, Arrasate, Eskoriatza eta Oñatiko udalek 2014ko azken hiru hilabeteetan zehar. Ekintza honekin lanerako bidaiak edo joan-etorriak oinez edo bizikletan egitea sustatu nahi da.

Horretarako, aipaturiko erakundeotako ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dutenez, Debagoiena eskualdean sentsibilizazio kanpaina hau jarri da martxan gaurtik abenduaren bukaera bitartean. Gipuzkoako Aldundiak Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Sailaren eskutik esperientzia pilotu bat antolatu du Debagoieneko lau udalekin elkarlanean, etxetik lanera egiten diren joan-etorriak bizikletan edo oinez egitea sustatzeko.

Ekimenaren helburuen artean daude herritarrak kontzientziatzea hiri mugikortasunean dauden arazoez, zehazki, lantokien inguruan sortzen direnez, eta mugitzeko eta lanera joateko modu iraunkorragoetara aldatzeko premiaz jabearaztea; informazio argia eta zehatza ematea lantokira oinez edo bizikletan joateko dauden aukerez, bai azpiegitura bai baliabide mailan, automobila edo bestelako motordun ibilgailurik erabili gabe eta bizikletan edo oinez desplazamenduak egitea pertsonalki probatzeko aukera ematea, besteak beste.

Herritarrak sentsibilizatzeko, herri bakoitzean informazio bilerak antolatu dira; informazio euskarriak, liburuxkak eta kartelak ipiniko dira lantegietan eta herrietako hainbat establezimenduetan; herritarrez osatutako erabiltzaileen sarea osatuko da; webloga, www.lanerabizikletan.net eta sare sozialak bultzatuko dira; doako telefonoa 900 102 716 izango da; eta prentsa bulegoa eta publizitate kanpaina abian jarri dira.

Erakunde antolatzaileetako ordezkariek ongi ezagutzen dituzte gure gizartean ibilgailu motordunen erabilera masiboak eragiten dituen kalteak, bai ingurumenean bai langileen osasunean zein segurtasunean, eta horiek arintzea du helburu ekimenak.

Kanpainaren aurkezpenean eman dituzten datuen artean, hiri barruan autoz egiten diren bidaien %50a hiru kilometro baino laburragoak izaten dira, eta %10, 500 metro baino laburragoak. Horrela, bada, bizikletan erraz egin daitezke bidaiok, 20 minutu besterik ez baitira behar 5-6 kilometro egiteko.