EAEk %11,2ko langabezia tasarekin bukatu du 2011. urtea

Langabezia tasa %11,2 izan da EAEn 2011 bukatzean
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 19 enero 2012 12:19

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa % 11,2 izan da 2011. urtea bukatzean, urteko laugarren hiruhilekoan %0,6 igo ondoren. Gainera, urtea bukatzean, EAEko lan-merkatuan 928.700 landun zeuden, hau da, hirugarren hiruhilekoan baino 9.900 gutxiago (-%1,1), Eustaten datuen arabera.

   Landunen eta langabeen bilakaera aztertuta, jarduera tasa % 55,8 izan da 2011ko laugarren hiruhilekoan, hots, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,2 puntu txikiagoa.

   Okupazioaren beherakadak batez ere gizonengan izan du eragina: aurreko hiruhilekoan baino 9.700 gizon gutxiago egon dira lanean; emakume okupatuak 200 gutxiago izan dira. EAEko hiru lurraldeetan egin du okupazioak behera: Bizkaian 6.100 lanpostu garbi gutxiago izan dira, Araban 2.600 gutxiago eta Gipuzkoan 1.200 gutxiago.

   Industrian landunen kopuruak behera egin du (4.500 gutxiago). Eraikuntzan landunak 2.900 gutxiago izan dira, eta zerbitzuetan 2.000 gutxiago. Nekazaritzan ere landunen kopuruak behera egin du, 400 gutxiago izan baitira.

   Enplegu tasa -16 eta 64 urte arteko pertsona guztiak kontuan hartuta landunak direnen portzentajea- %64 izan da, aurreko hiruhilekoan baino %0,5 txikiagoa. Gizonezkoen kasuan tasa hori %68,2 izan da eta emakumezkoen kasuan %59,7.

   Lurralde historikoetan, enplegu tasarik altuena Gipuzkoan izan da (%67,3), aurreko hiruhilekoaren aldean aldaketarik gabe; bigarren tasarik altuena Arabak izan du (%64,9), aurrekoan baino puntu bat txikiagoa; azkenik, Bizkaiak tasarik txikiena izan du (%61,8), 0,7 puntuko jaitsierarekin.

   Lan-kontratu mugagabedun 5.200 soldatapeko gutxiago izan dira, eta guztira 591.600 daude; aldi baterako kontratua duten soldatapekoak (kontraturik ez dutenak barne) 6.200 gutxiago izan dira, eta beraz, guztira 173.900 dira. Soldatapekoak ez diren okupatuak aurreko hiruhilekoan baino 1.400 gehiago dira; guztira 163.200.

   Zenbatespenen arabera, 2011ko laugarren hiruhilekoan EAEn 849.100 bat etxegune daude (aurreko hiruhilekoan baino 900 gehiago) eta etxeguneen herenak ez dauka pertsona aktiborik. Hamar etxegunetik ia seitan pertsona aktibo guztiak daude okupatuta, aurreko hiruhilekoan baino 8.400 familia gutxiago; gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten 37.700 etxegune daude (guztizkoaren %*4,4), aurreko hiruhilekoan baino 1.800 gehiago.

LANGABEZIA

   Iazko laugarren hiruhilekoan, EAEko langabeen kopurua 116.900 izan dela zenbatetsi da, aurreko hiruhilekoan baino 5.500 gehiago. Lan bila ari diren, lana bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta lanerako prest dauden pertsonak jotzen dira langabetutzat. Laugarren hiruhilekoan, gizonezkoen artean 69.000 langabetu egon dira, hau da, 4.000 gehiago; emakumezkoen artean 1.500 langabetu gehiago egon da (guztira 47.900).

   2011ko laugarren hiruhilekoko datuen arabera aldi horretako langabezia tasa %11,2 izan da, aurreko hiruhilekoan baino 0,6 puntu gehiago. Gizonezkoen langabezia tasa % 12,1era igo da (ehuneko 0,8 puntu gehiago) eta emakumezkoena 10,1era heldu da (ehuneko 0,3 puntu gehiago). Gazteen langabezia tasa oraindik altuena da, %24,2koa hain zuzen, langabeziak 16-24 urte bitarteko 11.400 gazte aktiboengan eraginez.

   Lurralde historikoetan, langabeen kopuruan igoerarik handiena izan duena Bizkaia izan da (3.300 pertsona gehiago); lurralde honetako langabezia tasa %14,2 izan da. Gipuzkoan 26.800 langabe izan dira, 1.800 pertsona gehiago, langabezia tasa %8an utziz. Araban, aurreko hiruhilekoan baino 400 pertsona gehiago egon da langabezian; lurralde horretako langabezia tasa %7,3 izan da.

   Bestalde, Eurostat bulegoaren datuen arabera, 2011ko azaroan, 27 kideko Europar Batasunean langabezia tasa %9,8 izan da, eta Espainian %22,9.

   EAEko biztanleria landunaren kopuruak behera egin du 2010eko laugarren hiruhilekoaren aldean: guztira 13.400 gutxiago izan dira landunak (-%1,4). Beherapen hori gizonezkoen artean izan da nagusi, 19.600 enplegu gutxiagorekin; emakume landunen kopuruak, ordea, 6.200 pertsonatan egin du gora.

   Langabezia tasa azken urte honetan ehuneko 1,2 puntu gehitu da (%10etik %11,2ra); beraz, 12.700 langabetu gehiago egon da EAEn, 2010eko laugarren hiruhilekoko datuekin alderatuta. Lurraldeka, Bizkaian langabezia tasa ehuneko 3,6 puntu igo da; Gipuzkoan eta Araban, aldiz, langabezia tasa 0,7 eta 3,1 puntu jaitsi da, hurrenez hurren.