Langabezia %3,14 jaitsi zen EAEn maiatzean eta langabeak 148.347 dira

Actualizado: jueves, 2 junio 2011 13:57

BILBO, 2 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 148.347 lagun zeuden lanik gabe maiatza bukatzean, apirilarekin alderatuta langabezia %3,14 jaitsi ondoren, hau da, 4.808 langabe gutxiago, Espainiako Lan eta Immigrazio Ministerioak jakinarazi dituen datuen arabera.

Hala ere, 2010. urteko maiatzarekin konparatzen bada, langabeen kopuruak gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan, 18.699 langabe gehiago zenbatu baitira, hots, %14,42ko hazkundea.

EAEko hiru herrialdeetan jaitsi zen langabezia maiatzean apirilarekin alderatuta: Araban %5,34 (22.181 langabe gutxiago), Bizkaian %2,99 (83.329 gutxiago) eta Gipuzkoan %2,26 (42.837 gutxiago). Aitzitik, 2010eko maiatzarekin erkatuta, langabeziak gora egin du hiru lurraldeetan: %17,65 Bizkaian, %11,59 Araban eta %10,01 Gipuzkoan.

EAE osoan, langabeziaren hil arteko jaitsierarik handiena Zerbitzuetan izan zen, 2.735 langabe gutxiago zenbatu baitziren, guztira 91.964 izanik. Industrian 661 langabe gutxiago zenbatu ziren, eta guztira 23.654 daude. Eraikuntzan 438 lagun gutxiago zegoen lanik gabe, eta sektoreko langabeak 17.649 dira.

Nekazaritzan langabezia jaitsi egin zen (81 langabe gutxiago), eta guztira 2.313 langabe daude. Aurreko enplegurik gabeko kolektiboan 893 langabe gutxiago izan ziren maiatzean, eta guztira 12.767 daude. Atzerriko jatorria duten langabeen kolektiboa 19.719 lagunekoa da.

Bestalde, maiatzean zenbatu ziren 148.347 langabeetatik, 76.238 emakumezkoak eta 72.109 gizonezkoak ziren. Gainera, 13.761 langabe 25 urtetik beherakoak ziren (7.796 gizon eta 5.965 emakume).

KONTRATAZIOA

Maiatzean 63.903 kontratu egin ziren EAEn, hau da, apirilean baino 14.395 gehiago (%29,08ko igoera) eta duela urte bete baino 4.900 gehiago (%8,3ko igoera). Araban (11.537 kontratu) izan zen kontratuen hazkunderik handiena: %55,21ekoa hil artean eta %10,91koa urte artean.

Gipuzkoan, 18.058 kontraturekin, %27,11 igo zen kontratuen kopurua hil artean eta %6,34 urte artean. Bizkaian 34.308 kontratu egin ziren, hau da, apirilean baino %23,11 gehiago eta 2010eko maiatzean baino %8,50 gehiago.

EAEn joan den maiatzean sinaturiko kontratu guztietatik, 60.254 aldi baterako izan ziren, hots, apirilean baino %30,63 gehiago eta duela urte bete baino %10,14 gehiago. Kontratu mugagabeak 3.649 izan ziren, hau da, apirilean baino %7,93 gehiago baina 2010eko maiatzean baino %15,08 gutxiago.