Langabezia %7,20 igo zen urtarrilean EAEn eta guztira 155.867 langabe daude

Langabeziak gora egin zuen urtarrilean EAEn
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 2 febrero 2012 13:43

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 155.867 langabe zeuden urtarrila bukatzean, hots, abenduan baino 10.473 gehiago, %7,20ko hazkundea izanik. Urte arteko bilakaerari dagokionez, joan den urtarrilean 2011koan baino 12.749 langabe gehiago zenbatu ziren, hau da, %8,91 gehiago, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak gaur argitaratu dituen datuen arabera.

   Lurraldeka, Bizkaian izan zen hazkunderik handiena urtarrilean, 5.767 langabe gehiagorekin, hau da, abenduan baino %7,04 gehiago, eta guztira 87.663 daude. Gipuzkoan 2.857 langabe gehiago zenbatu ziren (%6,95 gehiago), guztira 43.987 izanik, eta Araban 1.849 lagun gehiago zeuden lanik gabe (%8,27 gehiago), eta guztira 24.217 daude. Urte artean, langabezia %10,50 igo zen Araban (2.301 langabe gehiago), %9,95 Bizkaian (7.933 gehiago) eta %6,06 Gipuzkoan (2.515 gehiago).

   Sektoreei dagokienez, Zerbitzuetan izan zen hil arteko hazkunderik handiena, 7.736 langabe gehiagorekin, guztira 95.983 izanik. Industrian 1.075 lagun gehiago zeuden langabezian eta guztira 24.421 dira, eta Eraikuntzan 762 langabe gehiago zenbatu ziren, 18.968ra iritsi arte. Nekazaritzan 67 langabe gehiago izan ziren eta guztira 2.455 daude, eta Aurreko enplegurik gabeko kolektiboan 833 lagun gehiago zegoen lanik gabe urtarrilean, guztira 14.050 izanik.

   Urtarrila bukatzean EAEn zeuden 155.867 langabeetatik, 80.369 emakumezkoak ziren eta 75.498 gizonezkoak. Gainera, 21.500 langabe beste herrialde batzuetatik helduak ziren, haietako ia erdia Zerbitzuen sektoreko langileak.

KONTRATAZIOA

   Bestalde, urtarrilean zehar 52.973 kontratu egin ziren EAEn, hau da, abenduan baino %8,66 gutxiago. Hiru lurraldeetan bilakaera ezberdina izan zen: Gipuzkoa %0,41 jaitsi zen kontratazioa, baina Araban eta Bizkaian, berriz, igo egin zen, %7,70 eta %12,79, hurrenez hurren.

   Gainera, 2011ko urtarrilarekin alderatuta, kontratazioa %7,28 jaitsi zen EAE osoan. Lurraldeka, Gipuzkoan %9 murriztu zen, Araban %6,86 eta Bizkaian %6,47.

   Halaber, EAE osoan, 3.307 kontratu mugagabe egin ziren urtarrilean, hau da, abenduan baino %18,83 gehiago, baina 2011ko urtarrilean baino %30,23 gutxiago. Aldi baterako kontratuak 49.666 izan ziren, abenduan baino %10,05 gutxiago eta 2011ko urtarrilean baino %5,21 gutxiago.