Langile bat koman dago Bilboko Ingeniaritza Eskolako eskaileratatik erori ondoren

Actualizado: miércoles, 23 mayo 2018 18:30

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek lan istripua salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostiralean

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Langile bat koma egoeran dago Gurutzetako Ospitalean, Bilboko Ingeniaritza Eskolako II Eraikineko eskaileratatik behera erori eta buruan kolpe bat jaso ondoren. Gertaera joan den astelehen arratsaldean izan zen.

LAB sindikatuaren Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) sailak "lan istripu larria" salatu du. Langilea erori den eskailerek ez dituela aplikazio arauak betetzen ere salatu du. Gainera, 2015ean, toki berean, gutxienez beste istripu bat eta gertakari bat izan zirela jakinarazi du.

Istripuari dagokionez, langileak kolpe bat jaso zuen eta beso bat eta eskumutur bat lesionatu zituen, eta gertakarian, beste langile batek buruan kolpe bat jaso eta zauri arinak izan zituen.

ARAUAK

LABen esanetan, "2015ean EHUko Prebentzio Zerbitzuak gertakari biak ikertu eta txosten bana egin arren, eta nahiz eta ateak eta eskailerak arauak betetzen ez zituztela ondorioztatu eta neurri prebentiboak planteatu, Unibertsitateko Zuzendaritzak ez ikusiarena egin du".

Hori dela eta, LABek uste du ardurak eskatzeko garaia dela eta EHUko langileak elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu. LABek, ELAk eta Steilasek antolaturiko protesta bilkura ostiralean izango da, maiatzaren 25ean, 12.00etatik 12.30era, Bilboko Torres Quevedo Injeniaria plazan.