Langileek enpresen kapitalean parte hartzea errazteko 2,5 milioiko funts bat sortu dute Jaurlaritzak eta ASLEk

Arantza Tapia eta Carlos Pujana
Foto: IREKIA
Actualizado: jueves, 13 febrero 2014 16:43

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak eta Euskadiko Lan Sozietateen Taldeko (ASLE) presidente Carlos Pujanak LANPAR (Lan Partekatu) programaren egitura ezagutarazi dute gaur, otsailaren 13an, Bilbon. Programa 2,5 milioi euroz dago hornituta, eta langileek enpresen kapital sozialean parte hartzeko prozesuak finantzatuko ditu.

   Arantza Tapiak adierazi duenez, enpresa bateko langile guztiek proiektu bera, helburuak eta erantzukizunak partekatzea da LANPAR programaren helburu nagusia, bai eta enpresak demokratizatzea ere. Hori guztia, lehiakortasuna hobetze aldera.

   Bestalde, Carlos Pujanak esan du lan sozietateak beren ingurunearekin konprometitutako enpresak direla, "malguak, lehiakorrak, ulermen kultura dutenak, gatazkatik urrun daudenak". "Azken batean, kultura ezberdin eta beharrezko bat duten enpresak", gaineratu du.

   LANPAR programak sustatu nahi duen enpresa ereduan, langileek enpresaren eremu guztietan parte hartzen dute. Eredu horrek, bada, jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustea eta horiek garatzea errazten du nagusiki. Gainera, enpresak finantzatzeko aukera ematen du, modu egonkorrean, horien kaudimen eta autofinantzaketa ratioak hobetuz, kreditua asko murrizten ari den une honetan.

   Honako hauek dira langileek kapital sozialean parte hartzeko interes handiena izan dezaketen enpresak: negozioak aurrera jarraitu ahal izateko, kideak ordezkatzea planteatzen duten sozietateak; sortu berri diren sozietateak, batik bat osatzen dituzten pertsonak ezagutzean oinarritzen direnak; zailtasunak dituzten enpresak, non langileek, negozio osoarekin edo zati batekin jarraitzeko, jabetza beren gain hartzen baituten, lan sozietate bihurtzeko konbertsio prozesuak lehenetsiz; ETEak, beren filosofiari jarraiki, beren enpresa masa handitu nahi dutenak, langileek garrantzi handiko partaidetza-prozesuetan parte hartzearen bidez; eta dagoeneko ASLErekin elkartutako lan sozietate diren enpresak.

   Bestalde, enpresa berriak sortzeko, konpainia bat berregituratzeko, akziodunak berregituratzeko langileek parte hartuz, garapena eta hazkuntza, ondorengotza enpresan eta, batik bat, familia izaerako enpresetako proiektuak lehenetsiko dira.

   Aztertuko diren proiektuek manufaktura jarduera industrialak jorratuko dituzte, bai eta horiei lotutako zerbitzuak ere, eta izaera teknologiko edo berritzaile berezia dutenak lehenetsiko dira.

PARTAIDETZA BI ALDERDITIK

   Langileek enpresaren kapitalean duten partaidetza bi alderditik neurtuko da: batetik, inplikatutako langileen kopurua -%50etik gorakoa izan behar du- eta, bestetik, sozietatean izandako portzentajea -%20tik gorakoa izan behar du inbertsioa onartzen den unean-. Langileek enpresaren kapitalean parte hartuko dutenez, Administrazio Kontseiluan egongo dira.

   LANPAR programaren bidez inbertitzeko bi modu izango dira: bata kapital sozialean, langile taldeak batera egingo duen diru ekarpenaren arabera, 100.000 eta 500.000 euro arteko inbertsio ingurunearekin, eta funtsaren partaidetzak ez du ondoriozko kapital sozialaren %30 gaindituko; eta bestea partaidetza maileguan, langileen diru ekarpenen arabera, 100.000 eta 500.000 euro artean.

   Eragiketak 5-7 urteko epean egingo dira kapital sarrerari dagokionez, eta zazpi urte partaidetza mailegu bat harpidetzean (bi urteko gabealdia eta bost urteko amortizazioa).

   Bestalde, LANPAR programak aholkularitza eta finantzaketa eskainiko ditu, prestakuntza egokia lortzeko. Bi laguntza bide izango dira. Alde batetik, partaidetzarako prestakuntza programa bat egin daiteke; programa honek hiru arlo jorratuko ditu, gutxienez: juridikoa, urteko kontuen analisia eta interpretazioa, filosofia eta partaidetzako kudeaketa-sistema. ASLEk emango du prestakuntza.

   Beste alde batetik, enpresa ereduaren aldaketa bermatuko duen tutoretza bat ezarriko da. Inbertsioa egiten den aldian egingo da, eta ASLEk emango du.