Langileek lehen hitza euskaraz egingo diote herritarrari Donostiako udal kiroldegietan

Actualizado: viernes, 6 marzo 2015 17:34

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak orain urtebete abiarazi zuen "Udalean ere euskaraz" ekimena pauso berriak ematen ari da, kiroldegietan ere, udal langileek lehen hitza euskaraz egingo baitiote herritarrari.

   Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak adierazi du helburua "oso garbia" dela. "Herritarrek administrazioarekin euskaraz egin ahal izatea da helburua. Horretarako, gainontzeko udal ataletan eta entitateetan bezala, kiroldegietan ere, udal langileek lehen hitza euskaraz egingo diote herritarrari", esan du.

   Guztira, bederatzi dira Donostiako Udalak Kirol Patronatuaren bidez kudeatzen dituen kiroldegiak. Batez beste, horietako %91,88an, bermatuta dute donostiarrek euskaraz artatuak izatea: Altzan eta Egian %100ean, Bidebietan %98,08an, Yoldin eta Bentaberin %96,15ean, Intxaurrondon %94,23an, Belodromoan %92,31ean, Etxadin %88,46an eta Gaskan %61,54an.

   Txapartegik gogorarazi duenez, "Udalean ere euskaraz" kanpainaren helburu orokorra "Donostia Euskararen hiria berreskuratzea" dela, eta "horretarako, atalez atal, donostiarrei udalarekin duten harremanean euskararen erabilera bermatzen ari gara, baita merkataritzaren gisako sektoreetan kanpaina bereziak egiten ere".