Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartea Bruselan aurkeztu da

Langune Europan
LANGUNE
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 25 mayo 2012 15:08

BILBO 25 May. (EUROPA PRESS) -

Languneren zuzendari nagusi Fernando Alanak Bruselan egiten ari diren Hizkuntza Industriaren Europako I. Foroan parte hartu du ostiral honetan, eta europar industriari aurkeztu dio Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearen jatorria, funtzionamendua eta helburuak, baita Euskadin sektore horrek dituen ezaugarriak ere.

Langune Elkarteak foroan parte hartu izana Europako erakundeek Euskadiko hizkuntza-industriari egiten dioten aintzatespenaren emaitza da, eta hala, Europako jardunbide egoki bihurtu da. Joan den urtearen amaieran, Langune lehenbiziko aldiz jarri zen harremanetan Europako erakundeekin, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzaren bitartez.

Bruselako ekitaldian, sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan duen garrantzia nabarmendu du Alanak. Iaz, ia 602 milioi euro fakturatu zituen, eta 3.307 pertsonari lana eman zien (8.000 lanpostu, irakaskuntza arautua kontuan hartuz gero). Europan sektoreak duen fakturazio-bolumen osoaren %4,5 da hemengoa, eta, mundu osoa hartuz gero, %1,9. Euskadin sektoreak duen aurreikuspenaren arabera, %2 inguru haziko da 2012an.

Hizkuntza Industriaren Europako I. Foroan parte hartzeari esker, Langunek beste aurrerapauso bat eman du europar esparruko hizkuntzaren industrian ordezkari, erreferente eta bitartekari gisa aintzatetsi dezaten. Halaber, estatu osoan sektorearen bultzatzailea ere bada, ez baitago antzeko beste elkarterik.

Foroak "Partekatu, lankidetzan aritu, hazi" leloa du, eta Europar Batzordearen Itzulpengintza Zuzendaritzak antolatu du. Han izan dira Languneren bazkide diren sektoreko euskal enpresak, besteak beste, Elhuyar Fundazioa, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa, UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa, eta Elhuyar Aholkularitza.

Lehen Foro honen helburua izan da hizkuntzaren europar industriako agenteen arteko topaketa erraztea, haien ezagutzak, esperientziak, beharrak, erronkak eta abar partekatzeko. Horretarako, hainbat hitzaldi eman dira, eztabaida-tailerrak programatu dira eta 'networking'-erako eremuak sortu dira.

Languneren zuzendari nagusiak "Impulsar la cooperación: hacia el crecimiento" (Lankidetza sustatzea: hazkundera bidean) izenburuko hitzaldian gogoratu duenez, elkartearen helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-industriaren garapena eta hazkuntza sustatzea, "han hazten ari den sektore estrategikoa baikara, gure gizartean guztiz errotuta dagoena".

Halaber, Alanak gogorarazi duenez, "etengabe aldatzen eta hazten ari den sektorea da". "Izan ere, kanpoko merkatuetan edozein produktu edo zerbitzuren salmenta- eta merkaturatze-prozesuetan kontuan hartzen hasi dira hizkuntza-produktuak eta -zerbitzuak; ezinbestekotzat jotzen hasiak dira, beharrezkoa ez den gastu gisa ikusi beharrean", gaineratu du.

Haatik, Languneren zuzendari nagusiak aipatu duenez, enpresa eta erakundeak mundu-mailako jokaleku eta merkatuetan lehiatzen dira eta, hori dela eta, kudeaketa elebakarretik nahiz elebidunetik abiatuta, hainbat hizkuntzatan dagoen informazioa kudeatzeko aukera ematen dieten zerbitzu eta produktuak behar dituzte.

Bere esanetan, "bere komunikazio-prozesuetan, dela erakundearen barruan, dela kanpora begira, kudeaketa eleanitza behar duen enpresa orori, edozein sektoretakoa delarik ere, laguntzeko zeregina du Euskal Herriko Hizkuntz Industriak, berariazko produktu eta zerbitzuen bitartez".

Bruselan egin den topaketan, Europa osoko hizkuntza-industriaren elkarteen, unibertsitateen eta enpresen ordezkariek parte hartu dute. Hainbat gai jorratu dituzte, besteak beste, sektorearen definizioa, proiektu pilotuak, sektorean enplegua lortzeko dauden aukerak, hizkuntzaren funtzio soziala eta industriaren ikusgarritasuna.

LANGUNE

Itzulpengintzaren, edukien, hizkuntzen irakaskuntzaren eta hizkuntza-teknologien 30 erakunde baino gehiago biltzen ditu Langunek. 2010eko urtarrilean osatu zen, Gipuzkoa Berritzen - Innobasque plataformaren barruan sortu zen taldeak bi urtez egindako lanaren emaitza.

Elkartearen helburua da Euskal Herriko Hizkuntzaren Industriaren garapena eta hazkuntza sustatzea, baliodun zerbitzuak eskainiz bai haren bazkideen, bai sektorearen onurarako.

Gainera, Langunek nazioarte mailan elkarteen arteko eredu bilakatu nahi du, eta Euskal Herrian bere garrantzi estrategikoa aitor dakion. Horretarako, elkartea lanean ari da sektorea egituratzeko eta batzeko -betidanik zatikatua egon baita-, merkatu berrietara jauzi egiteko eta aukera berriak bilatzeko, Euskal Herriko beste sektore batzuekin eta Administrazioarekin batera.

Contenido patrocinado