Lanpostuak eskaintzean egoera soziolinguistikoa aintzat hartzea eskatu dio Zupiriak Estatuko administrazioari

Bingen Zupiria
EUROPA PRESS
Publicado: sábado, 17 febrero 2018 10:50

Jaurlaritzak helburu bezala planteatzen du euskararen erabileran eragitea, eta eragin horrek isla izatea arlo guztietan

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du Estatuko administrazioak euskararen inguruan duen jarrera aldatu beharko lukeela, eta, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) lan eskaintza publikoak egiten dituenean, egungo egoera soziolinguistikoa aintzat hartu beharko lukeela, hizkuntza eskakizunak horren arabera planteatuz.

Europa Press berri agentziari eskainitako elkarrizketa batean, Espainiako Gobernuak EAEn egin duen 340 lanpostuko azken lan eskaintza publikoak euskararen ezagutzarik ez eskatzea izan du hizpide Bingen Zupiriak.

Bere ustez, Estatuko administrazioak "alde batera" utzi du bere funtzionamenduan "euskararen normalizazioarekin izan beharko lukeen konpromisoa". Espainiar administrazioaren jokabideetan eta ekintzetan hala islatzen dela iritzi dio, hau da, "euskararen kontu hauek gure kontuak direla, ez dutela zerikusirik beraiekin, ez dela beraien ardura eta ondarea, eta ez dute hizkuntzaren aldeko erabakirik hartzen beren esparruetan".

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzetan, "Estatuko administrazioak aldatu egin beharko luke jarrera hori, eta EAEn lanpostuak sortzen dituenean, aintzat izan beharko luke zein den gure egoera soziolingustikoa eta horren arabera planteatu hizkuntza eskakizunak, Estatuak ematen digun aurrez aurreko edo idatzizko zerbitzu hori modu naturalean izan dadin gaztelaniaz eta euskaraz".

ERABILERA

Bestalde, Bingen Zupiriak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako KUltura eta Hizkuntza Politikako Sailak helburu bezala planteatzen duela euskararen erabileran eragitea, eta eragin horrek isla izan behar duela arlo guztietan.

Lehenik eta behin, "garrantzitsutzat" jo du hezkuntza sistemak egiten duen ekarpena, "orain arteko bideari jarraituz". Hezkuntza sistematik ateratzen diren gazte guztiek hizkuntza gaitasuna gaztelaniaz eta euskaraz izatea lortu behar dela nabarmendu du, eta, hizkuntza ezagutzaz gain, gaitasun bat egiaztatzea bermatu beharko litzatekeela.

Horrekin batera, Zupiriarentzat "behar beharrezkoa" da gazteek eskolaren inguruan dituzten kirolari edo aisialdiri lotutako jarduerak ere euskaraz izatea. "Hor oso lagungarria izango litzateke ekitaldi edo jarduera horiek antolatzen dituztenek hizkuntza gaitasun hori edukitzea, eta ekintza horiek animatzen dituzten begiraleek eta arduradunek hizkuntza ezagutzea eta hizkuntza ohitura berriak hartzea", azaldu du.

Halaber, esan du erabileraren ikuspegitik "oso garrantzitsua" dela euskararen mundura hurbiltzen diren pertsona helduen kasua, hau da, "euskaltegien munduan pertsona helduen kasua". Bere hitzetan, "hor ere hizkuntzaren ezagutza handitzea garrantzitsua da, eta ezagutza hori erabilera bihurtzea ere garratzitsua da".

Gainera, sailburuak adierazi du euskararen erabilera bultzatzeko "aisialdiaren mundua oso garrantzitsua" dela, eta arlo horretan kokatu du teknologia berriena ere. Interneten "ahalegin bat egiteko beharra" azpimarratu du, hala nola YouTube, Wikipedia eta Internet bidez zabaltzen diren sare sozialetan eta bestelako edukietan "euskararen gutxieneko presentzia eta erabilera bat bermatzeko".

EUSKARALDIA

Bestalde, Bingen Zupiriak nabarmendu du Euskaraldia dinamika sustatu duten herri administrazio eta euskalgintzaren eragile guztiak bat datozela azpimarratzean zer garrantzitsua den "ditugun ohitura lingustikoetan eragitea, hizkuntzaren erabilerari bultzada bat emateko". Gogoratu du Euskaraldiaren helburua dela "gure hizkuntza ohiturak aldatzea, euskarak presentzia handiagoa izan dezan gure eguneroko bizitzan hizkuntza erabiltzen dugunean arlo guztietan".

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du egunero antolatzen direla ekimenak herri guztietan Euskaraldiaren inguruan. "Udalak eta talde eragileak elkartzen dira, eta urtebeterako programazioak egiten ari dira egoera berriak sortzeko, euskararen erabilera bultzatzeko", gaineratu du.

Horrekin guztiarekin batera, urtean zehar ikerketa lanak egingo direla jakinarazi du, "modu sakonagoan ezagutzeko zerk eragiten duen gure hizkuntza ohituretan eta ohitura horiek nola aldatu daitezkeen".

"Nik gogoko dut ekimen hau, batez ere euskara lotuko dugulako komunikazioarekin, elementu positiboekin eta elkarbizitzarekin, eta, seguru aski, euskararen bitartez lortu dezakegu urteetan bizkarra emanda eta elkarri hitz egin gabe egon garen pertsona asko euskaraz hitz egiten jartzea, eta hori ekimen honen beste elementu positibo bat dela uste dut", nabarmendu du.