Lansarean.eus lan ataria berritu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak

Lansarean atari berritua
BAI EUSKARARI ZIURTAGIRIAREN ELKARTEA
Actualizado: viernes, 5 mayo 2017 12:05

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lansarean.eus profesional euskaldunen lan atari berritua aurkeztu du, euskara hutsez dagoen lan atari bakarra. Lan atariaren bitartez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak erraztasunak eman nahi dizkio ibilbide profesionala euskaraz garatu nahi duenari.

Lana euskaraz bilatu, lana euskaraz eskaini eta euskaraz lan egin nahi duen komunitatearen eskura dagoen erreminta edo baliabidea da Lansarean.eus ataria, eta "berrikuntzaz beterik" dator oraingoan, maila profesionalean "lehen aukera euskara, lan aukera euskaraz" kontzeptua sustatzeko helburuarekin.

Ataria bi publiko motari dago zuzendua: alde batetik, enpresa, saltoki eta era guztietako entitateei, lan eskaintzak zabaldu eta hautaketa prozesuak arinago kudea ditzaten, eta, bestetik, lan bila ari diren pertsonei, euskarazko eskaintza profesionalak modu pertsonalizatu batean jaso eta hobekien egokitzen zaien lana topa dezaten.

Ziurtagiriaren elkarteak jakinarazi duenez, lansarean.eus enpresa eta profesional euskaldunak ezagutzeko aukerak errazten jarraitzeko asmoz eskainitako baliabidea da. Orain, sortu zenetik bi urte igaro eta milaka lan eskaintza jaso eta kudeatu ondoren, diseinu eta funtzionalitate berriak gehitu dizkiote enpresen eta hautagaien beharrei modu eraginkor eta pertsonalizatuan erantzuteko. Berritasunen artean, nabarmenak dira, alde batetik, diseinuaren berritzea, eta, bestetik, lan abisuak, lanbide orientazioa, hautagaitzaren jarraipen aukera edo formazio eskaintza bezalako aukera eta zerbitzuak.

Gainera, webgunearen aro berriari hasiera emateko, erabiltzaileen iritzi eta esperientziak jaso nahi izan dituzte bideo baten bidez, Lansarean ataria bezalako baliabideei esker "lehen aukera, euskara, lan aukera euskaraz" posible dela erakusteko. Ikerlaneko, Oreka IT-ko, Arteman Komunikazioko, Kide Aholkularitzako eta Berria Euskarazko Komunikazio Taldeko erabiltzaile eta profesionalak dira bideoaren protagonistak.

Erabiltzaileen bizipen eta iritziak jasota, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak adin eta profil ezberdinetako pertsonak lan aukera euskaraz hautatzera animatu nahi ditu, "lansarean.eus adibide errealen bidez ibilbide profesionala ekiteko tresna eraginkorra dela erakutsiz".